argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
PAUSU
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 15a
Zubia eta bi auzo. Urruñakoa Behobie eta Behobia Irungoa. Bidasoak urtatuak biak. Boulangerie hemen, panaderia han. Bi Estatuen arteko fronterarena berritutako urbanizatze batek estalia baldin badu ere, indarrean dirau. Alde batean gendarmeak eta bestean poliziak. Urdinak denak. "Gara" besapean eta ogia eskutan daraman gizon bat doa bere kotxea hartzera. Atea ireki bezain pronto laukote batek inguratu eta dokumentazioa galdetzen diote. Poliziak dirudite. Instantean bi furgoneta, cuatro por cuatro bat eta bi kotxe azaltzen dira. Hogei bat poliziak guda jantzi eta guzti euren metrailetaz inguratzen dute auzoa. Erdian, gure gizona. Xuri-xuri. Furgoneta handiarena komisaldegira, faxez edo bertara biltzen dute gure gizonaren arrastoa. Garai batean, luzaz, kartzela frankistetako apopilo izana dugu. Eta arrestatzen dute. Izan ere, bake jantzizko laukoteak badaki asmatu duela. Besapeko egunkaria lekuko. Handik ordu batzuetara libratu zuten. Neronek ikusiak, ez zuen inongo telediarioan itzalik izan. Argi dago. Itzala izatekotan, lehen frankista orain bakezalea.