argia.eus
INPRIMATU
Eneko Landaburu
"OSASUNA SERIOEGIA DA SENDAGILEEN ESKU UZTEKO"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zein asmorekin idatzi duzu "íCuidate Compa!"?
Gizateria osoari mezu hau helarazi nahian: geure osasuna arazo serioegia dela sendagileen esku uzteko, eta pentsatzeko, orduan, zer gerta dakigukeen industria farmazeutikoa beren kontrolpean duten multinazionalen esku uzten badugu. Sendagaiak salduz irabaziak egiteko besterik ez daude horiek!

Baina nola senda daiteke bat sendagairik gabe?
Duela mende asko pentsalari greziar batek esandako hura kontuan hartuz. Sendagilearengana joan aurretik, egun batez bederen barau egitea gomendatzen zuen hark. Eta arrazoi zuen, gure gorputza ez baita tontoa, badaki nola etorri onera bere kasa. Baina horretarako lagundu egin behar diogu, noski. Nola? Bakean utziz, gaixotasunaren sintomak estaliko dituzten sendagaiez asebete gabe. Izan ere, ondoeza, gure ohiko bizimoduan egiten ditugun gehiegikerien ondorioa baino ez da. Nahigabea baldin badakarkigu ere, badu bere zentzua, gure gorputzak ezin duela hainbeste gehiegikeria jasan eta garbitu beharra duela adierazten ari baitzaigu.

Beraz, zein da zure idazlanean ematen diguzun aholkua?
Batik bat, gaixotasunaren sintomak estali nahi dituen kultura horren gaitzespena egiten dut, medikuntza ofiziala kritikatuz, baina baita sendabelarren bidez egiten den "osaketa" ere. Azken batean, sendabelarrak egungo botikaren arbasoak baino ez direlako, eta haiei dagokienean ere, "sendatzen" badigute, hau da, burukomina, giltzurrunetakoa edota ez dakit nongo mina kentzen badigute, produktu pozoitsurik badutenaren seinale delako. Eta hau da nire mezua: osasuna berreskuratzeko axola dion bakarra ondoezen arrazoiarekin bukatzea da, eta ez sintomak desagertaraztea.