argia.eus
INPRIMATU
Literatur lehiaketak
LITERATUR LEHIAKETAK
Castillo Suárez @casti_suarez 2007ko otsailaren 21a
Ez dute lehiaketa guztiek oihartzun berbera komunikabideetan. Hala ere, oro har ez dute zabalpen handiegirik. Lehiaketa bat irabazi eta hurrengo egunean askotan aipamen hutsak egiten dira eta gutxitan egiten zaizkio elkarrizketak sarituari. Eta egileak ezezagunak badira are gehiago obrak. Ez dugu jakiten zein den lanaren funtsa, ez ditugu bere ezaugarririk nabarmenenak ezagutzen.


ARGITALETXE batek liburuak plazaratzen dituenean aurkezpen publikoak egiten ditu egilearekin batera eta liburuaren azalean oinarrizko datu batzuk ageri dira. Sariketen aurkezpen publikoetan, ordea, zenbat lan aurkeztu diren, nondik bidali dituzten... gisa horretako informazioa eskaini ohi dute lan sarituaren ezaugarrietan gehiegi sakondu gabe eta, jakina, kazetariek ez dute nondik atera informazio hori.
Ez da ohikoa epaimahaiaren iritziaren berri ematea. Alde honetatik, nekez jakin ohi du sarituak zergatik gailendu zaion obra saritua beste gainontzekoei. Hagitz polita da egile batek bere idatziaren ahuleziak eta indarguneak ezagutzea, erakusgarri bezain mingarria.


DIRU aldetik ere alde handia dago sariketa batetik bestera. Alde honetatik, pisuzko lehiaketak gutxi batzuk dira, anitzez gehiago dira lehiaketa txikiak, udaletxeetan egiten diren horiek. Tarteko esparruan ez dago ia aukerarik: ez dago erdi mailako sariketarik. Idazle batek garbi izan dezake lehiaketa txikietan ez duela parte hartu nahi, baina ausardiarik ez eduki lehiaketa potoloetan aurkezteko. Tarteko urrats hori da falta dena.
Sari garrantzitsuenen kasuan dirua emateaz landara lan sarituaren argitalpena egiten da. Argitalpen hauek, ordea, ez dira modu naturalean zabaltzen eta zaila da liburu hauek liburudendetan aurkitzea. Liburuen argitalpena, halaber, ez da modu normalean egiten ez baitute zuzentzaileen galbahea pasatzen.
Horri gaineratu behar zaio edizioak ez direla, azken urteotan hobera eginagatik, erakargarriak. Hainbatetan liburuaren formatoa ez da txukuna eta oraindik ere genero desberdinak biltzen dituzten liburuak daude, sariketa berberaren modalitate ezberdinak alegia, zerikusirik ez duten testuak batera emanez. Liburu-erosleak gauza jakinen bila joaten dira liburudendetara eta zer nahi duten garbi ez badaukate ere, horrelako nahas-mashasa erosteko erabaki arriskutsua ez dute hartuko.
Dena den, sariek badituzte beren alderdi onak. Dirua izan daiteke bat, baina ez dut uste diruagatik hutsa inor aurkeztu denik lehiaketa batera. Idazle ezezagunenen kasuan lehiaketa da beren burua ezagutzera emateko bide bat edo bakarra. Gainera, sari bat irabazteak poza dakarkio beti egileari bere lana aintzat hartua izan den aldetik.


FAMA onik ez dute literatur lehiaketek arestian aipatu arrazoiengatik eta ez omen dutelako lan saritu guztiek kalitate aski, baina maila nahikoa al dute argitaletxeen bidez publikatzen diren lan guztiek?
Agian saritu diren lan batzuk ez dira kalitatezkoak, agian lehiaketa gehiegi dago, agian ez dira epaimahai guztiak onak, baina badira saria jaso duten lan anitz biltegi batean daudenak iritzia emateko aukera ematen ez digutenak.
Sariak irabazten dituzten egileei publikatzeko aukera eman behar zaie, baina beti ere argitaletxeen bidez. Haatik, ez dakit erakundeei ez zaien gehiegi interesatzen aukera hau, beren argitalpen fondo propioa edukitzea nahi izaten dutelako