argia.eus
INPRIMATU
AY, PRETTY WOMAN!
IƱaki Mendiguren 2001eko martxoaren 18a
Datorren urteko martxoaren 8rako gutxiago falta dela eta, hona hemen liburu bat irakurtzeko proposamena: "The Whole Woman" (La mujer completa; La femme entière), Germaine Greer-ena. Britainia Handian bizi den 62 urteko feminista australiar honek duela 30 urte "The Female Eunuch" ospetsua idatzi zuen, oso eztabaidatua; eta oraingo honek ere ederki harrotzen ditu hautsak... batez ere, gizon-kiratsa dutenak.
Hizkera zorrotz, erasokor, umoretsuz idatzita dago. Eta suminduraz. Zergatik? Egilearen ustez, "emakumearen arazoa" konponduta dagoelakoan, hasierako askapen-mugimenduaren helburuak ahaztu egin direlako. Helburu gisa, ez du onartzen emakumeak gizonarekin berdintasuna bilatzea; berdintasuna, benetakoa balitz ere, askapenaren ordezko kaskarra litzatekeela uste du; beraz, emakumeak ez duela gizonen lasterketan postuak irabazteko borrokatu behar, baizik eta bere balio eta lehentasunen arabera bere destinoa erabakitzeko askatasunaren alde.


Gure ingurune honetan, emakumearen egoera oro har dezente hobetu dela ukaezina dirudi. Baina agian beste era batera, emakume askoren bizimoduak zaila eta gogorra izaten segitzen du. Hona hemen bi adibide:
Bat. Etxetik kanpo egun osoko lanaldia eta etxean haur txikiak -eta senar potrohandi samarra- dituzten emakume asko faktura latza ari dira ordaintzen. Eta zergatik jasaten dute?
Harritzekoa da emakume askoren konformismoa (lehen Jainkoaren izenean... eta orain?). Harrigarria da ikustea ezkondu aurretik ideiak oso argi zituzten batzuek gero zein erraz onartzen dizkioten senarrari (eta erakusten seme-alabei) portaera-eredurik sexistenak.
Non ote dago gakoa? Emakumeari jaio orduko sartzen zaion otzantasun-jarreran? Ala erosotasuna erakargarria eta borroka nekeza delako ote da? Hots, etsita daudelako eta famili bakearen izenean...
Bi. Emakumeari gorputz-perfekzioa eskatzen zaio, itxura gazte, lirain eta erotikoa izatea, gehienen muga biologikoetatik kanpo dagoen zerbait, eta denboraren kontra ere borroka galdua. Ustezko gizentasun eta itsustasunarekiko obsesio patologikoak elikaduraren eta gorputz-irudiaren inguruko arazo psikologikoak (anorexia, bulimia...) ikaragarri ugaldu ditu. Baina patologiara iritsi gabe ere, ikaratzekoa da emakume askok zenbat energia fisiko eta mental gastatzen duten gorputza eta kanpoko itxura zaintzen... azken batean, gizonoi erakargarri gertatzeko, ez? "Dieta da sedante soziopolitikorik indartsuena emakumearen historian" (Luis Roja Marcos psikiatra, 1992).


Arazo hau emakumeena ez ezik gizonona ere badela eta elkar hartuta bideratu behar dugula planteatzeak zentzuzkoa dirudi. Baina hori ez da bateraezina emakumearen jarrera tinkoagoarekin. Izan ere, emakumeak garbi izan behar du berak behartzen ez baditu aldaketak, gizonak oso interes gutxi duela bere egoera -dominantea, erosoa- kolokan jartzeko. Eta hori etxezuloko harremanetatik hasi eta bizitza publikoan azken mailaraino. Alegia, emakumeak gizonaren aurrean paso edo planto edo greba egiten ikasten ez badu, jai dauka.
Zergatik dudan horrelako interesa emakumearen garapenean? Zeharka bederen, gizonontzat ere onuragarri izango delako. Gaur egun, genero-rolak eztabaidatu eta eraldatzeko sormena eta gaitasuna emakumeengan dago. Eta gizonok, non gauden? Aipatu feministaren ustez, Viagraren arrakastak bi gauza erakusten ditu, eta horietako bat "gizonek oraindik lehen urratsa ere ez dutela egin beren askapenerantz". Alegia, gu danborra jotzera mugatzen garela, baina, hori bai, esklusiban. Patetikoa!.