argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2021eko uztailaren 15a

KURSAALEKO EDUKIAK KALERATU NAHI DITU IBARRETXEK

OTSAILAREN 27an Kursaalen egindako ekitaldiari jarraipena eman nahi dio Ibarretxe lehendakariak, eta datorren larunbaterako -hilak 10- manifestazio deia egin du Bilbon Bizitza eta elkarrizketaren alde lelopean. Helburua honakoa litzateke Ibarretxe lehendakariaren esanetan, ETAren indarkeriaren aurka egitea eta PP eta PSOEren elkarrizketa nahi eza salatzea. Hauteskunde giroan buru belarri murgilduta, Ibarretxe lehendakariak oposizio guztiaren kritikak jaso ditu halako manifestazio bat garai hauetan deitzeagatik. EHk bere aurkakotzat hartu du eta bere agerraldia egingo du egun berean Donostian Burujabetza da bakea lelopean.


EL CORREO EGUNKARIAREN AURKAKO ERASOA

JOAN den larunbatean "El Correo" egunkariko egoitza erasotu zuten Bilbon 18 bat molotov koktelez. Politikari eta komunikabide ugaritako pertsona eta taldeek beren elkartasuna adierazi diote Euskal Herrian salduena den egunkariari. Aurreko egunetan, ETAk"El Diario Vasco" enpresa bereko egunkari gipuzkoarraren Donostiako egoitza nagusia lehertarazteko asmoa zuela jakinarazi zuten polizia iturriek. .


HIZKUNTZA KONTSEILUA

IPAR Euskal Herriko elkarte euskaltzaleak eta botere publikoen ordezkariak Baionako Suprefeturan bildu dira berriki. Pirinio Atlantikoetako Andre Viau prefetaren ustez, uztailaren 14rako finkatuko da kontseilu honen osaketa. Euskal Kultur Erakundeak (EKE) datorren apirilaren 7an burutuko duen urteko biltzar nagusiaren ondoren argitu beharko litzateke Hikuntza Kontseiluaren auzia. Prefetak EKEren esku utzi zuen kontseiluaren eratze eta bideratzea. Alta bada, hainbat puntu eta erabaki trenkatu gabe daude oraindik. EKEko Erramun Baxok lehendakariaren aburuz, "euskalgintza kulturgintzari lotu behar zaio eta euskaltasun hori lurralde garapenari". Hor dago gakoa, nonbait. .


NAZIO ERAKUNDEAK EZKER ABERTZALEAN

ASTE Santuan urtebete beteko da Jarraik eta Gazteriak gazte erakundeek bat egin eta Haika sortu zutenetik. LAB ere Iparraldera hedatua dago, Senideak eta Gureak elkarteek bat egin dute oraintsu, eta Ipar Euskal Herrian presoei sostengua emateaz arduratzen den Koordinaketa erakundeko heledunek ere, amnistiaren alde eta presoen sostenguan ari diren euskal erakundeek bat egin beharko luketela adierazi berri dute. EHk aurrera daraman Batasuna prozesuaren azken helburua ere hori da, Euskal Herri osorako ezker abertzaleko erakunde politiko berri bat sortzea. Hegoaldean baino beranduago ekin zioten prozesu horri Iparraldean, baina ABren inguruan egituratzen diren indar desberdinak horretan ari dira gaur egun. EHk, halaber, joan den astean zabaldu du egoitza Baionan. .


NAFARRAK BARDEETAKO POLIGONOAREN AURKA

NAFARROAN egindako inkesta desberdinen arabera, bertako populazioaren %70etik gora Bardeetako poligonoaren aurka dago. Berriki, hiru mila bat pertsonek ere tiro poligonoaren aurkako manifestazioa egin dute Iruñean. Bitartean, UPN, PSN, CDN eta Bardeetako Juntak Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharrekoaz ari dira behin eta berriz, akordio batera iritsi ondoren Espainiako Defentsa Ministerioaz hitz egiteko. UPN eta Juntak ez dirudi Madrildik jarri den negoziaketa ildoaren aurka ezer egingo denik; PSN eta CDNk ere, hitzez asko esan badute ere, ez dirudi UPN markatzen ari den erritmotik aldentzeko indar handirik izango dutenik. .


EH-K EGOITZA IREKI DU BAIONAN

EHko Koldo Gorostiaga eurodiputatuaren hitzetan "Euskal Herria Europako bidean ezartzeko" xedez zabaldu du EHk bere egoitza berria Baionako Cordeliers karrikan. Arnaldo Otegik egoitza tresna berritzat jo zuen etorkizuneko erronka garrantzitsuei aurre egiteko. Inagurazioan bildutako EHko hainbat buruzagik iraganeko gauzatzat jo dituzte Iparraldea eta Hegoaldea. .