argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
SAGAR AZALA MINBIZIAREN AURKA
  • Sagarra lagungarri ona da zahartzaroarentzat eta minbiziarentzat, izan ere, adituek frogatu dutenez sagarraren fitokimika gai omen da minbizia mota batzuen hazkundea gerarazteko.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Esaera zaharrak dio egunero sagar bat jateak, medikuarengandik urruti mantentzeko aukera ematen digula, baina orain zientziak argitu digu minbiziaren eta baita zahartzearen aurka lagungarri egokia dela sagarra.
New York-eko Cornell Unibertsitateko Nutrizio Sailaren ikerketa batek dioenez, fruta honen eragin antioxidatzailea askoz ere handiagoa da azal eta guzti kontsumituz gero. Horrela, ikerketak frogatu duenez sagarraren fitokimika gai omen da, laborategian bederen, minbizi mota batzuen hazkundea gerarazi eta inhibitzeko.
Cornell-eko ikertzaileek sagar azala erabili zuten laborategian koloneko minbiziaren kultibo edo hazkuntza bat tratatzeko, eta zelula horiek %40 gutxitu ziren ondoren egindako kontroletan. Horren esplikazioa oso erraza da: 100 gramo sagarren botere antioxidatzailea
C bitaminaren 1.500 mg-ren baliokidea da, eta bitamina jakin batzuekin gertatzen denaren alderantziz, sagar gehiegi ahoratzeak ez dakar intoxikaziorik, eta ez du eragin kaltegarririk ere sortzen.
Sagar ale batek, bere 80 kaloriekin, fruktosa ugari ematen digu, eta azukre hori oso mantso metabolizatzen da gure gorputzean. Honek gorputzeko azukre mailak kontrolatzen laguntzen du, eta hori oso baliagarria da diabetikoentzat, batez ere. Baina kolesterolaren maila jaisteko ere oso egokia da sagarra: hiru sagar egunean, otordu bakoitzaren amaieran, horra hor lipidoak neurri-neurrian mantentzeko formula ezin naturalagoa