argia.eus
INPRIMATU
GANDI MENDITARRA
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2001eko martxoaren 11
Bitoriano Gandiaga hil dela esan du irratiak, eta geroztik aspaldiko irudi zaharrak begietaratu zaizkit egunetan. Irudi zaharrak, denborarekin kolorea gastatuta, urteek arrailduraz agian itxuraldatu ere egin dituenak. Baina, zer arraio, kontatu egingo dizkizuet. Lehen irudietan 1968an ageri zait Gandi. Hotz egiten du Arantzazun eta Gandi batean eta bestean zaplaztekoak eta atximur saminak partitzen ageri da, hamar-hamaika urteko mutikoen artean. Bati -Arrasateko Pagotxari, ia seguru nago- buruko bat eman eta pupitrearen taparen kontra bekaina ireki dio. Zein frailek ez zuen egurra ematen Arantzazuko garai haietan? Bitorianoren hiletan zirenak barne.
Gizon gogorra, zorrotza, serioa, bakartia, ageri da Gandi nire lehen irudietan. Euskaraz baino ez da mintzo, gaztelaniaz bizi den seminarioan. Errukigabea dirudi zenbaitetan. Gero erakutsiko zidan bizitzak zenbateraino garen euskaldunok gogor taldean gabiltzanean.


Euskarazko ikasketarik ez zegoen hartan, euskal gramatika irakasten azaltzen zait Gandi. Deklinabidetik hasita. "A" pazientea, "zaku patata"; "K" agentea, mutikoa baloiari ostikada ematen, bota eta guzti. Ikasleei bakoitzak idatzitako lanak denen aurrean ozenki irakurriarazi eta zuzentzen ikusten dut geroago. Asko izango dira ariketa haietan sofrituak. Niri, idazketa landu eta fintzeko eta hizkuntzarekin jolas egiteko ahaleginaren poza geratu zait.
Eta Gandiaga mutiko talde batekin ari da Arantzazu bertatik lehen kurba arteko bide puska horretan zuloa egin eta zuloa egin. Eta barrankoan. Gero harri lehorraren artean zimaurra bota eta zuhaitzak aldatzeko. Zenbat ote ziren itsatsi? Batek daki. Baina segi landatzen. Arkazia, elorria edo haritza. Edo huntza. Gandiaga menditarra, ironikoa, burlosoa, baserritarrekin ahal badu.
Beranduagoko beste irudi batzuetan, Donapaleura seminarista talde batek egindako bidaia batean ageri zait Gandi: "Ikusten dituzu gaztainondo horiek?" dio Otsozelhaiko harpeetarako bidean, "Gipuzkoa guztian ez ditugu aurkituko gaur guk hemen ikusitakoak adina".
Donapaleura autobusez joan gara, Donostiatik Baionara, hemendik Amikuzera. "Hau ere ikusi behar genuen, Donapaleura frantsesa praktikatzera!". Gandiaga abertzalea, gizon kritikoa, artaldean beti bazter antzean, artaldearen eta bere hierarkiaren politikatik aparte. Diferentea.
Irudi nahasi horietan Oteiza ere ageri da. Oteiza baino lehen, errepide bazterretan utzitako giza-irudiko harri handi batzuk. Gero txabola bat egingo dute kolegio ondoan Oteizak bere lanak bukatu ditzan, eta tartean ibiltzen omen da Gandi ere. Nonbait ibili behar izan du, zeren eta bolada batean mutiko guztiak gabiltza basoan zuhaitz enbor zaharrak biltzen eta eskolan trintxarekin haiei formak ateratzen. Arte irakaslea.


Liburu zatiak ere badira irudi horietan. Nola ulertu "Elorri" hamar urterekin? Hainbeste hunkitu gintuen eta kantatu genuen "Hiru gizon bakarka" hura, bai. Baina "Uda batez Madrilen" hartako pasadizoak ere bai. Gosea eta iraultza. Propaganda ezkertiarra sinetsi duen beste fraile artista batekiko elkarrizketa: "Ez diat ulertzen nola jazartuko diren, esaten duan legez, pobreak. Nik gosea ezagutu diat, eta gosea dagoen sendian sesioa beti nagusi". Baserritarra, berriro. "Kontatuko dizuet nola ibiltzen nintzen ni gauez, karabineroek ez ikusteagatik batere argirik gabe, astoa artoz kargatu, buztanetik heldu, eta arre, errotara bidean". Mendatatik Gernikaldea ez da berdin ikusten.
Eta "Denbora galdu alde" liburuaren lehen orrian ipini duen bere diagnostiko psikiatrikoa. Besteekiko bezain exijentea-errukigabea bere buruarekin ere. Gizona bilutsik liburuaren atarian.
Elorri beltza loratzearekin joan da Gandi, eta elorri zuria lurrin gozoz zurituko denean berriro begietaratuko zaigu berrogei-berrogeitamar urtetan -adinarekin, denok ikasten dugu negoziatzen- sasoi betean ezagututako gizon gordin hura. Fidakaitza, gogorra, zorrotza, pieza bakarrekoa. Arkaziaren baten bazkarako -hainbeste arantza, zura bero, haizkorarentzako haritsu, ostajez xume, lore erlezale- lurperatuko ote zuten.