argia.eus
INPRIMATU
Martin Ugalde
"EUGENIO ARREGIRI EGINDAKO OMENALDITXOA ERE BADA"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Noiz bururatu zitzaizun Mohamed-en istorioa?
Nire alaba psikologoa da, eta berarengana joaten zen mutil baten istorioa kontatu zidan. Mohamed zuen izena. Mutil hori elbarri xamarra zen, bere gurasoekin arazoak izan zituen; gero, umezurtz geratu, eta droga menpekotasunean erori zen. Ezkondu, eta hura ere gaizki atera zitzaion. Ez dakit, maitasuna sortu zidan gizon hark, eta hartaz zer edo zer idaztea bururatu zitzaidan. Pentsatu nuen, Europan hainbeste marokoar egonik, guztien adierazgarri izan zitekeela. Halere, nik birsortutako Mohamed hura gerra giroan ikusten nuenez, Bilbon kokatu nuen, 36.eko gerra denboran.

Beste pertsonaiek ere errealitatearekin zerikusirik al dute?
Ez denak, baina bai batzuek. Adibidez, Mohamed Marokon Ejerzito espainiarrarentzat txerriak hazten dituen espainol baten alabarekin ezkontzen da; gero, Mohamed gizagaixoa eta emaztea, nahikoa errukarria hura ere, hor datoz biak Bilbora, militarrentzat txerriak haztera, Ejerzitoak txerri asko behar baititu... Bada, aitaren pertsonaia nire soldadutza garaiko gizon baten oroimenetik atera nuen. Izan ere, neroni Afrikan egona naiz, hiru urtez.

Mohamedi laguntzen dion apaiza nondik sortzen da?
Gutxi gorabehera, nobelan agertzen dena nire lagun Eugenio Arregik (Rikardo Arregiren osabak) egin zuen bizimodua da.

Berari eskainitako omenaldia dela esan daiteke?
Hori da! Omenalditxo bat! Apaiz horri, afrikarra eta kolorez iluna den bati emandako laguntzak arazo asko sortzen dizkio, faxistak esaten hasten direlako gorria dela, Francoren kontrakoa, katoliko ez den bati laguntzen ari zaiola. Haatik, Eugenio erretorearentzat marokoar bati laguntzea ez izaki bekatu...