argia.eus
INPRIMATU
ARTEA
URAK LEUNDUTAKO BASATIA
  • Apirilaren 16a bitarte, Albert Marquet (1875-1947) Bordeleko margolariaren erakusketa zabala dago ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan. Fauvismoaren sortzaile nagusienetakoa, beste bide batzuetatik ere jo izan zuen, erakusketako 100dik gora lanek erakusten duten moduan.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 28a
Paris, 1905eko Udazkeneko Aretoa. Matisse, Derain, Vlaminck, Marquet, Friesz edo Dufyren lanen aurrean da Louis Vauxcelles kritikoa harrituta, eskandalizatuta dago. Inpresionismoaren ondoren, estilo berri bat du aurrean eta berau deskribatzeko "fauves" (piztiak) hitza hautatzen du. Arte mugimendu publiko berri bat jaio da, Fauvismoa, Inpresionismoaren azken arnasa eta XX. mendeko abangoardiaren lehena. Formak eta, bereziki, kolorea erabiltzeko modu "basati" horren bidez, mugimendu honetako protagonistek espresioa du helburu. Fauvismoaren ordezkari nagusi Henri Matissek garbi esan zuen: "Espresioa eta dekorazioa gauza bera eta bakarra dira; bigarren terminoa lehenengoan dago kondentsatua".
Eta egunotan Bilboko Arte Ederren Museoan dago kondentsatua halaber, fauvismoaren sortzaileetako baten lana. Albert Marqueten 100 lan inguru, artista honen bilduma publiko garrantzitsuena, ekarri dute Bordeleko Musée des Beaux Arts-etik.


EZ HAIN FAUVISTA.

Matisse-rekin batera Gustave Moreauren tailerrean garatu zituen Marquetek Parisko École Nationale des Arts Décoratifes eta École des Beaux Arts-en ikasitakoak. Fauvismoari loturik aurkeztu dugu, Udazkeneko Areto eztabaidatsu horretako partaide izan baitzen. Baina denbora gutxian egon zen estuki lotuta korronte horri. Obra erabat fauvistak baditu ere, bere estilo propio leunago, sotilago bat garatu zuen. Orriotan ipini ditugun La fenêtre à la Goulette edo Fête foraine au Havre koloretsuan fauvismo tipikoa ikusten da. Baina oro har, berak erabilitako tonuek mugimendu artistikoaren purutasun eta gogortasunetik ihes egiten dute, ahulagoak dira, harmonikoagoak. Fauvismoaren kolore leherketa 1905ean eman bazen ere, Albert Marqueten 1904ko lanetan dagoeneko estilo "epelagoa" agertzen da.
Gainera, bere lan osoa ez zuen kolorean oinarritu eta, olio nahiz akuarela ugari utzi bazituen ere, tinta txinatarraz edo arkatzez egindako bildumak ere osatu zituen. Bilboko erakusketan, esaterako, bildumaren %60 marrazkiek betetzen dute. Marrazki soilak dira gehienetan, marra arinekoak, La charrette à bras kasu.


PORTUAK.

Erretratua landu zuen Bordeleko artistak; hor daude Portrait de Marcelle Marquet edo orri honen goiko aldetik keinu egiten digun autoerretratua. Bodegoiak irudikatu zituen eta hor da, adibide gisa Nature morte avec pommes et gobelet. Baina horien guztien gainetik paisaia nagusitzen da Marqueten obran. Konposizioa bere kezka nagusienetakoa zen eta, horregatik, irudikatutako paisaiak ordenatuak, orekatuak dira. Forma bertikal eta horizontalak oso markatuak ageri dira mihise nahiz marrazkietan. Ikusten zituen oinarrizko elementuak baino ez zituen jasotzen, bigarren mailako elementuak alde batera utzita.
Bere obraren hastapenetan Parisen jardun zuen lanean eta hiria eta inguruneak islatu zituen bere margoetan; Sena ibaiaren inguruak batez ere. Izan ere, hasieratik urak garrantzi handia hartu zuen bere lanean. Hasierako lanetan Jardin du Luxemburg bezalako paisaia lehorrak ugariak badira ere, berehala uraren presentzia erabatekoa izango da bere paisaietan. 1920tik aurrera bidaia ugari egin zuen Europa eta Afrika iparraldera. Orduan jorratu zuen, bereziki, bere obraren gai nagusia: portuak. Le Havre, Hamburgo, Marseilla, Napoli, Ondarroa, Hondarribia, Hendaia, Aljer... eta beste hainbat hiritako portuak eta horien inguruko giroa ekarri zituen bere lanetara behatzaile bikain honek. Horren erakusle garbiak dira lehen aipatutako Fête foraine au Havre edo lerro hauen gainean dugun L'escadre alliée à Alger, bere azken urteetan buruturikoa.
Bigarren mailako elementuetan erreparatzen ez bazuen ere, argiaren, baldintza atmosferikoen eta, batez ere, uraren egoera aldakorrak zehaztasun handiz biltzea lortu zuen. Urrutiko planoak gertukoekin batu zituen gainera, aldakortasuna areagotuz. Azkenean korronte modernoen modu berriak erabili zituen, baina, errealismorako bidea baztertu gabe. Bi elementuen arteko oreka zaila lortu zuen bere estilo berezia garatuz.
Finean, korronte berritzaile baten sortzaile izanik ere, bere bidea jorratzen jakin izan zuen artista izan zen Albert Marquet, kolore eta forma "basatien" bultzatzaile izan ondoren, bere lana portuetako ur lasaietan baretu zuena.