Luis Uranga lehendakariak bere dimisioa aurkeztu ondoan argiki esan zuen: "Nik uzten dudan hau edonorentzat da gozoki". Eta haurtzaroan ezagututako Uranga, bere paparra, betaurrekoak eta gerri bueltagatik ez balitz, ezagutu ere ez nuke egingo. Eskolako pausagaraiak jolastokian pareta atxikitzen ematen zuen koitadu hura bera da noski Real Sociedadeko hau. Eta oraingo hau haziagoa ikusten badut ere, orduan bezain tristea den irudipena daukat. Baina arrazoia du. Bere dimisioaren iragarpenaren ondorengoek salatzen dute. Gallo, Astiazaran... Eta aurki Larrea ere gozokiaren xerka dabiltza. Eta Zubieta Etxe Zuria bailitzan, hor ari zaizkigu jokalariak sartu ez eta golak zakuka hartzen eta biltzen ari diren garaian, egoera iraultzeko gauza direla esanez. Azkargorta ere prest da. Aspalditik karamelurik zupatu gabea Diario Vasco, ETB... Ibarretxe bera ere goxatzen saiatu da azpeitiarra Zubietako bidean. Baina Astiazaranek eta entrenatzaile britainiarrak jada Urangaren txupatxusari lehen hozkada eman diote. Kontratu blindatua. Dagoeneko Larrea ari da bazoka bila. Eta bazokarik ezean ez du parte hartuko.