argia.eus
INPRIMATU
Ana Urkiza
"LIBURUA, ILUNETIK ARGIRAKO BIDEAN PAUSO BAT DA"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Poesia idazteak beste edozein idazlan baino korapilotsuagoa dirudi...
Beno, nik hiru urte pasa ditut hau idazten.

Zeren bila zenbiltzan "Gela ilunetik" zelatan egote horretan?
Ilunetik argirako bidean pauso bat eman nahian. Denbora badoa, eta nik denbora hori harrapatu beharra sentitzen dut. Batez ere nire lehenengo alaba, Maite, jaio zenean hasi nintzen hori sentitzen, beharbada ume hark nolabait denbora kentzen zuelako; alde batetik, biziarazten zidan, baina bestetik denbora kendu ere egiten zidan. Eta denbora harrapatzeko behar horrek, goizaldetan jaikitzera bultzatu ninduen, idazteko.

Eta zer lortzen zenuen goiz jaikitze horrekin?
Iluntasuna, isiltasuna, bakardadea gogoetak egiteko garaian. Orduan da nik neure aurretik pasatzen ikusten dudan guztiaz erreflexioa egiteko unea, bai liburu honetan eta baita gainontzeko lanetan ere. Sormen lana beti da bakarkakoa, baina itxita dagoen leiho horretatik begiratzen duzunean, are eta bakarrago sentitzen zara, are eta egonezin handiagoa daukazu. Eta liburu honetan, iluntasunetik nork bere buruari erantzunak ematera heltzen den bidea ageri da. Iluntasunean, leiho itxi batetik, itsasoa entzutera eta usaintzera heltzen da idazlea. Eta beno, maitasuna eta zera horiek positiboan jarri ditut, baina horien inguruan ere eduki ditut neure pentsakizunak, egun guztiak ez direlako berdinak. Beraz, esango nuke egoera ezkor batetik abiatzen dela liburua eta bukaera positibo batekin amaitzen dela. Baina nik ez nuke liburu itxia denik esango, poesia ez den bezala, positibotasun horretan oraindik gauza asko legoke esateko-eta.