argia.eus
INPRIMATU
orain dela 30 urte
BATZUK BETIKO MARTXAN, BESTEAK ILARGIAN
  • Ilargian ezezik munduan ere bazen albisterik 1971n. Ipar Irlandako egoera larriak eta Bernardette Devlin liderraren ideiek izan zuten lekurik otsaileko alean.
Pilar Iparragirre 2001eko martxoaren 04a
Z. ARGIAren 416. zenbakia kaleratu zenerako, iparramerikarrak Ilargira iritsiak ziren. Telebistaz ere ikusi ahal zen une gogoangarri hura, eta ez Estatu Batuetan bakarrik. Oso urrutiko lurraldeetara jo gabe, Espainiako Estatuan ere ikusi zuen, zuzen-zuzenean gainera, telebista eskura eduki eta hura ikusteko gogoa zuen guztiak. Eta Vaticanon beste hainbeste gertatuko zelakoan nago, Aita Saindu berbera enteratu zen berriaz-eta.


ESTATU BATUAK BAKEA SUSPERTZEN... ILARGIAN

Garai hartako komunikabideek diotenez, Eliza Katolikoaren buru zen Paulo VI.ak zorionak bidali zizkion Estatu Batuetako presidenteari, bere astronautek estropezo handirik gabe Ilargiari egina zioten hirugarren bisitaldi harengatik. Hunkituta zegoen balentria harekin nonbait Kristoren ordeko lurrean zena, honela mintzatu baitzitzaion Nixon estatubatuarren buruari zorion emate haren arrazoiak adierazterakoan: "Gure miresmen osoarekin, bakearen kausa noblea indarberritzen duen egundoko ekintza horrengatik".
Poz ederra hartuko zuen Aita Sainduaren sineskortasun seinale horrekin, Ilargian bake bila eta lurrean triskantza ugari eginez zebilen Nixonek! Haatik, seguraski besterik da gaiari buruz pentsatuko zutena napal eta abarrez haren armadak sarraskitzen zituenak...


IPAR IRLANDA SUTAN

Eta Ipar Irlandako biztanleek, zer iritzi ote zioten? Auskalo... Nork daki Aita Sainduarenaz enteratu egin ziren ere! Garai hartan, nahikoa zuten beren larruan jasaten ari zirenarekin. Britainia Handiko gobernuak Eire zaharreko bazter hori okupatzera bere armada bidali zuenez geroztik, istilu larriak bizitzen ari zen Ipar Irlanda. Eta arazoa areagoturik zen egun haietan prezeski. Hasteko, soldadu britainiarren jeep batek bost urteko neskato bat harrapatu, eta hilda gertatu zen, eta hori gutxi balitz, aipatu armada britainiarrak IRAko hiru partaide hil zituen. Berehalakoa izan zen nazionalista irlandarren erantzuna, bistan da, eta besteak beste, haren ondorioz armada britainiarrak bere soldaduetako bat galdu zuen borrokan. Lehen aldia zen! Britainiarrak sutan jarri ziren, jakina, eta noren aurka ekin zutela uste duzue? Protestante talde estremistek ere berean zirauten. Ian Pasley jaunak iragarria zuen, katoliko irlandarrei desafioka, Londonderryn zehar egingo zuen desfilea. Eta bitarte horretan, egoeraren laztasuna areagotzeko edo, zenbaitzuk (orduko egunkariak ez zuten datua zehazten, beraz pentsatzekoa da protestanteak izango zirela) jarritako kotxe bonba baten eztandak bost hiritar eraman zituen aurretik...


ERLIJIO ALA HERRI BORROKA?

Horixe zen Juan Elustondok galdetzen zuena Z. ARGIAren lehen orrialdetik. Eta Irlandako historiaren malkarretan barna inor abiarazi aurretik, honela ohartarazten zion irakurleari: "Borroka. Odola. Heriotza. Bi urte hontan egun gorririk ikusi du Ipar-irlandak. Giro gogor hau ez da ordea gaurkoa. Aspalditik datorrena da. Historiari begiratu behar zaio gaur zer gertatzen dan aztertzeko".
Elustondoren argudioen abiapuntua hauxe zen, halare, erlijikoak Irlandako historian garrantzi handia izan bazuen ere, egiaz, egoeraren muina ezkutatu besterik ez zuela egiten, alegia haren guztiaren benetako muina "sozial eta ekonomiko egituretan" zegoela.
"Luze zabalean, Iparraldeak 13.564 kilometro du. Bizi lagunak 1.459.000, horietatik 900.000 protestante eta gaiñontzekoak katoliko. Ikusten dan bezala katolikoak minoria bat dira. Talde bezala katolikoak zapalduta agertzen dira. Zapalduta alderdi askotatik gaiñera".
Eta katolikoek hauteskundeetan parte hartu ahal izateko zeuzkaten zailtasunak -"etxearen jabe denak, eta bere andreak bakarrik eman dezakete botoa. Etxapean bizi badira, semeak ere ezin dezakete botorik eman"-, etxe bat eskuratzeko eragozpenak -"Dungannen, 7.000 bizilaguneko hirian, azken hogei urte hauetan, Udaletxeak 207 etxe jaso ditu protestanteentzat eta 45 besterik ez katolikoentzat"-, langabezia arazoak eta abar aipatzen zituen.
Horren guztiaren ondorioz, Eskubide Zibilen Elkarteko liderra zen Bernardette Devlin-ek Ingalaterrako parlamentuaren aurrean esandakoarekin bat egiten zuen Elustondok: "Irlanda, lege zahar batzuen bitartez terrateniente batzuen menpean dagoen gizarte bat da" bota zuen hark, antza denez, Parlamentu ingelesaren aurrean. Eta baita honako hau ere, Elustondok zioenez, non esandakoa zen zehazten ez zuen arren: "Nere borroka -alegia Bernardette Devlinena- Irlanda bat eta Irlanda sozialista egitea da. Nik ez dut borroka katolikoen alde egiten, katolikoak direnez zapalduak daudelako baizik. Ni Gobernuaren aurka altxatzen banaiz, ez da protestante delako, Kapitalista eta Reakzionario delako baizik. Irlanda batu bat egin behar dugu. Katoliko ala protestante izan berdin da. Denok elkartu behar dugu. Irlanda batua - Irlanda sozialista".

ARTIKULURIK ONENA
Taldeko Marisabelek, 1971-II-21
Z. Argia, 414 garren zenbakia. Goitik behera guzia irakurri ondoren, gure gogoko dan edo guk nahi genukean bezelako idaz-lanik ez dugu aurkitu. Honek ez du esan nahi Z. Argia gogoko ez dugunik. Hori ez. Gero eta gehiago konturatzen gera erdal egunkarietatik gureetara zer alde dagoen. Horregatik, "asteroko egoki bat osatu behar dugu" dio zuzendaritzak, ta hori da gure nahia ere. Eta gure aukera egiterakoan, oso kontuan hartu dugu "talde zeatz bati lotua ez dagoela eta egoterik ez duela nahi" aitortzen duanean. Beraz, ZERUKO ARGIA AZTERKETAN aukeratzen da (...).

"ELSA SCHEELEN"
Amatiño, 1971-II-21
Urtarrileko "Triunfo" erdal aldizkariaren azken aleak, Txillardegiren "Elsa Scheelen" nobelaren kritika bat dakar, B. de Arrizabalaga izendatua. Nobela nahiz hizkuntzaren aldetik, kritika zehatza, zuzena, zurikeriarik gabe, hala ere onuragarria, baikorra, goragarria, batez ere erdal aldizkari batetik datorkigularik. Inoren kritikak, erdal kritikak ba dute berezko indarren bat, balioren bat, are gehiago gure alde mintzatzen direnean.

LANGILLERIA BURRUKA BIDEAN
Mikel Ugalde, 1971-II-21
Behin eta berriro, han eta hemen sortu zaigu, halabeharrez, kezka, tentsio, burruka, huelga... Egunerokoak, esku artean dabilzkigun egunkariek, eman digute zenbait gertaeraren berri, xehetasun handirik gabe... Zoritxarrez, ez degu behar bezin informazio jatorrik, gauzak ez ditugu erdizka baino jakiten sarritan. (...) Denok elkarturik, bat eginik zerbait egin genezake, baina bestela... alferrik eta eroarena egiten gabiltza. Gaur bertan, egunerokoa irakurtzerakoan, Oasa-Savoisiennen gertatutakoa jakin dut. Hirureun langille zituen lantegi honetatik gehienak lantegitik jaurtiak izan dira jornalak igo erazteko huelgari ekiteagatik. Oso informazio eskasa eta arinki emana, egungo egoera sor erazi duten alderdien eta goraberen berri eman gabe... Bitartean, eta egunkari honetan bertan, anuntzio hau irakurri dugu: "Oasa Savoisienne Española SA necesita: Caldereros - Soldadores -Bobinadores - Montadores - Carpinteros - Torneros - Ajustadores en todas sus categorías de oficiales, especialistas y peones. Igualmente precisa de: Taquimecanógrafas - Mecanógrafas - Auxiliares administrativos". Batzuk kanpoan dauden bitartean, horiek horrela ikusita, lan billa bertara joko duenik izango ote? (...).