argia.eus
INPRIMATU
Jabier Agirre sendagilea
Jabier Agirre sendagilea
2001eko otsailaren 25
Uraren ezaugarri mesedegarriak aspalditik ezagutzen dira. Historiari erreparatzea aski da termak, hamman eta antzeko hitzak non-nahi eta noiznahi topatzeko. Bainuetxeek, gaur egun ulertzen ditugun bezala bederen, joan zen mendearen hondarretan ezagutu zuten bere urrezko garaia.
Urteek aurrera egin ahala eta medikuntzaren ikuspegia aldatzearen ondorioz, garrantzi soziala galdu zuten, eta garai bateko argi eta distirak ilundu egin ziren. Behin modatik pasata-edo, bainuetxeak zahar eta gaixoen babesleku bilakatu ziren hamarkada luzetan. Baina, zorionez medikuntzak berak itzularazi ditu egiaz merezi duten lekura.
Azken ikerketek erabat argi utzi dute urak hainbat gaixotasunen tratamendurako, estresa esaterako, duen garrantzia. Dena den, bainuetxe batetik bestera alde handia egon daiteke bertako uren arabera, eta horregatik komeni da beti bainuetxeko talde medikoari kasu egitea, beroriek izango baitira pertsona bakoitzarentzat tratamendurik egokiena aukeratuko dutenak, sarritan ariketa fisikoarekin, dieta edo jan-neurriarekin eta yoga, erlaxazioa edo antzeko beste teknika batzuekin konbinatzeraino.
Ur guztiak ez dira berdinak, eta horrela, Euskal Herrikoen artean, barrualdean ur sulfuratuak dira gehienbat (arnas arazoetan, larruazalerako edo hezurretako gaitzentzat bereziki mesedegarriak), itsasotik gertu ur kloruratuak eta bikarbonatatuak izanik usuagoak (Zestoakoak, adibidez, giltzurruneko arazoentzat, digestioko gaitzetan, erreumatismoetan eta abar oso egokiak dira).
Bukatzeko, zera esan beharra dago, urak barruko erabileran (ura edan egiten da batik bat), edota kanpoko erabileran (bainuak, zorrotadak, dutxak, saunak, eta abar) erabili daitezkeela. Bi sistema ohizkoez gain buztinak eta substantzia deribatuak ere asko erabiltzen dira gaur egun. Murgildu, beraz, osasunean.