Iparraldea. Frantzia ahaldunaren menpe, bere buruaren jabe behar duenak ez du lan erreza. Batetik Frantziak kate motzean estekatuta, ez dio bere bidea egin dezan aukerarik ematen, nahiz eta argiki eta garbiki aldarrikatu dion bere nahia: Euskal Departamendua. Garai bateko bere lehen hizkuntza, euskara, desagertzeko zorian dela jakitun, frantziar katea maila berriz hornituz luzarazi nahiko luke eta eremu zabalagoan hedatu. Kate motzetik tiraka, burukadaka ikusten dut lepoa urraduraz betetzen. Abertzaleek dute tiratzen bereziki ondoan geroz eta animatzaile gehiago dutelarik, Euskal Departamenduaren aldeko kanpainak frogatzen duen bezala. Errepublika Handiaren banderak eta guzti. Eta zenbait jauntxo lehen lerroan balizko egoera berriari egokituz. Baina animatzea ez da aski eta hemen tiratu egin behar da batzuen buruak beren lepoetatik banandu ez daitezen. Izan ere, frantses nazionalistenek ere garai batean ez bezala hitz hutsez bada ere onartzen digute gu izateko eskubidea, nahiz eta Espainiaren baitan jarriak dituzten gu suntsitzeko beren esperantzak. Ari zaizkigula kate mailak berritzen askatasunaren izenean alegia .