Nahiz eta prentsa "handia"k ez digun bere arreta eskaintzen -beste batzuei eskaintzen dien bezala, eta badakigu zergatik-, Batasuna eztabaidaren benetako berrikuntza komunistek egindako "Igitaia ta Mailua" proposamen politikoa da. Proposamen hau Euskal Herriko langileriak Herri Batasuna berritu baten baitan berezko proposamena izatean datza, azken finean honetan baitatza Batasuna eztabaida.
1990eko hamarkadan mundu osoan agitu zen kontrairaultzaren ondorioz, "klase" aldagaia ezker abertzale ofizialaren ideietatik desagertu da. Bien bitartean, kapitalismoak hainbat lorpen sozial kitatu du eta goi-mailako sistema ustiatzaile ikaragarria ezarri ere, lanpostuen prekaritatea, malgutasuna, desdoitzea eta masen desenplegu eta desberdintasuna areagotu dituelarik. Euskal langileriak kapitalismo basatiaren kritika zientifikoa eta sozialismoaren premia berreskuratu behar dituen uste sendoa dugu.
Gure aburuz, klase "izan" ahal izateko ezinbestekoa da helburu bat izatea. Zentzu honetan, langileriak baino ezin dezake bururaino eraman nazio euskal prozesua gure herrian, herri gehiengoaren beste sektoreekin batera: baserritarrak, intelektualak, klase ertainak, abertzale nagusi txikiak, eta abar.
"Modernoek" ideia hauek zaharkitutzat jotzen dituzte. Alabaina, gazte esplotatuak, saltoki-handiko behin-behineko langile kontratatuak, langabetu iraunkorrak, Altzako "Sintel" enpresako despedituak, Gasteizko "Daewoo"ko langile ebentualak, gaizki ordaindutako langileak eta sindikalista argiek badakite zertaz ari garen.
EUSKAL komunistok sektore herrikoi anitzak bildu nahi ditugu printzipio nazional eta demokratikoen inguruan. Euskal gazte abertzale, preso gazte borrokalari eta militante beteranoen artean, hala herri nola auzo langileetan gure proposamenek izaniko erantzunek erabat poztu gaituzte. Ezker abertzalearen barruan honezkero egiten ez ziren eztabaidak biziarazi ditugu, ezkerraren benetako baloreak berreskuratu eta ofentsiba ideologiaren aurkako bandera gorria altxatu ditugularik.
Espainiako Gobernuak euskara, Ikastolen, AEK, argitaletxe, eskoletako materiale didaktikoaren banaketa, prentsa kritikoa, desobedientzia zibila, ENA, kirola, autodeterminazioa, lurralde batasuna, presoen eskubideak, erakunde politiko eta Batasunaren (berriro ere Mikelon Zuloaga -Piztu ponentziaren egilea- eta Iñaki O' Shea koordinatzailearen askatasuna exigitu nahi dugu) eztabaidaren beraren kontra egindako politika bortitzak erantzun bateratu eta sendo bat behar du.
Bakea delako auzi garrantzizkoari dagokionean hauxe baieztatu nahi dugu: ez dago Lizarra-Garaziko Akordioaren ordezko alternatibarik enfrentamendu armatuari amaiera emateko eta eskubide nazionalen errespetuaren oinarrizko akordioa lortzeko.
AZKENIK, gainontzeko ponentziek ezker abertzalearen baseko batzarrak areago mugatzea eta burokratizatzea proposatzen duten bitartean, komunistok berauek benetako eztabaida organo bihurtu nahi ditugu, batzarrak organo partehartzaile eta erabakitzaileak izan daitezen.
Euskal Herriko Komunisten konpromisoa (Igitaia eta Mailua ponentziaren erakunde egilea) Herri Batasuna indartzearen aldeko lan nekaezina burutzea da eta Lizarra-Garaziko Akordioa berregitea, herri osoaren askatasuna eta bakearen aldeko fronte gisa. Aldi berean auzo, lantegi, eskola eta bulegoetan geure klase erakundea eraikitzen dugularik. Gure ustez, komunistarik gabe Herri Batasunaren edukina hutsik geratzen da.