Bizi dugun egoera politikoa kalifikatzeko hitz bakarra erabiltzekotan hauxe jarriko nuke: hiperbolea. Era arruntagoan esana, gehiegizkoa, neurriz kanpokoa. Lerro hauek irakurriko dituzuen lau katutxook badakizue politika ez dudala gustuko. Jakin ezazue orain, edozein arlotan, neurriz kanpokoa arau bihurtzeari gorrotoa diodala.
Behar bada nire izaeraren eskasiaren ondorioz datorkit kontua: genomaren partiketak ez dit gorputzarik ezta izpiriturik ere eman neurritik kanpo ibiltzeko. Agian euskal kulturaren edo etxean ikasitakoaren eragina. Berdin dio zergatik edo nondik datorkidan: hiperbolikoak hurbil sentitzen ditudanean, barruko ahots batek berehala esaten dit: "Kontuz! Zorroa zaindu!"
Ez da arazo erraza inguru honetan zorroa zaintzea. Hain dago giroa aldrebestuta. Itsu bati txantxetan braillez irakurtzeko lixa papera eman omen zioten eta hauxe izan zuen ateraldia: "Nork idatzi ditu astakeria hauek?" Inork, Ruandan misiolari ibili delako edo zazpigarren galaxian astronauta, azken urteotan komunikazio publikoan piskana ohizko bihurtu diren gehiegikerien berri izan gabe, gure egunkariak bat batean hartzen baditu antzera hitz egingo du: "Zergatik erotu dira denak?" Berriro: ez da arazo erraza giro honetan zorroa zaintzea. Nik neure zorroa zaintzeko ditudan arau batzuk esango dizkizuet eta inori baliagarri gertatzen bazaizkio pozik geratuko naiz.
Aldez aurretiko araua: hitz handiei erreparua izatea. Sarri hitz handiak miseria handiagoen estalgarri izaten baitira: aberria-patria, subiranotasuna-soberanía, askatasuna-libertad, burujabetza-independencia, Konstituzioa-Constitución, Estatutua-Estatuto, Bakea-Paz... Hitz hauek norberak bere moduan ulertzen ditu eta elkarren arteko komunikazioan alde horretatik ez dute laguntzen. Bai, ordea, oztopatzen eta nahasten.
Beste bat: beti tente egon beharra. Arrantzale asko baitabil pantxito aurpegia noiz jartzen zaizun zain eta amuan harrapatzeko prest. Komunikatuak pasako dizkizute sina ditzazun, manifestazioetara deituko dizute pankarten atzean joan zaitezen, agerraldietan partehartzea eskatuko dizute... Iritzirik ez, ñabardurarik ez, ordea. Mezua prestatuta dago, itxuraz oso garbi eta zentzuzko eta zure eginkizuna hari amen esatea besterik ez da. Horretarako elizan hobe.
Hurrengoa: komunikabideak urruti sentitzea. Eta ez uztea hauen eragina zure sentimentuetan sartzen. Arazo sozialak ez baitira sentimentuen bitartez inoiz bideratu. Aldiz, sentimentu kolektiboen nahasketa askotan erabili izan da Historian bidegabekeria izugarriak egin ahal izateko.
Hau ere bai: ditugun arazoek konponbide bakarra dutela diotenengandik urruti ibiltzea. Gaitz kutsakorra denik ez da oraindik frogatu, baina bada ez bada ere tentuz ibiltzea hobe. Bideak ugariak dira, abiapuntuak ere bai eta helburuak kontaezinak.
Antzekoa baina ez guztiz berdina: biren artean aukeratu behar dela aldarrikatzen dutenei kasurik ez egitea. Aukerak ere kaleidoskopikoak dira, sortu egiten direlako eta grazia piska batez hobe.
Bide beretik: gure arazoak sinpleak direla entzun orduko, Aitaren egitea. Gure arazoak, arazo guztiak... konplexuak dira. Arreta eta azterketa eskatzen dute, fede ona... Eta hala ere konpontzeko segurantziarik ez da inoiz izaten.
Hau ez ahaztu: busti egin behar dela belarritik gertu ohiukatzen dutenei, toalla eskatu. Ziurrenik beraientzat prestatuta izango baitute. Gainera, eguneroko jarduna ez al da nahikoa bustidura? Batzuk egunero oheratzen gara blai eginda. Hori baino eragingarriagoa al da ba astean behineko dutxa?
Arau guzti horiei eta beti koherentzian jarraitu nahi izatea ere, hiperbolikoa izan daiteke. Noizean behin, gogoa dugunean, ondo iruditzen zaigunean... busti gaitezkeelako. Eta oinarrizko iritzi sinpleak aldarrika ditzakegu. Baita batzuetan biren artean aukeratu beharra ere, edo konponbide bakarra geratzen dela pentsatu, komunikabide batzuen gertutasuna sentitu, tentetasuna une batez lasaitu, edo hitz handi batzuk geuretzat gorde. Zergatik ez? Ez al da hiperbolea herritar arruntei koherentzia guztizkoa eskatzea, profesionalak ezin txarragoak agertzen diren arloan? Nik hiperbolea ez dut maite. Hanka sartzen ere neurrian.