argia.eus
INPRIMATU
Aurelia Arkotxa, Gabriel Arestiren obran aditua
Aurelia Arkotxa, Gabriel Arestiren obran aditua
2001eko otsailaren 25
Arestik gaur, poesia sozialak hainbeste lekurik ez duen garaian, poesiaren arrakastak berak gure artean beherakada handia (eta normala) jasan duen garaian, Arestik, diot, lekurik ba ote du gure baitan?
Egia erran, aditu eta arestizale kondatu batzuengandik kanpo nork irakurtzen ote du gaur Gabriel Aresti? Nehor gutik seguraski. Nehor gutik irakurtzen baitu ere poesia. Bizkitartean, haren salatze, oldar eta probokazioek badukete zerbait erranahi gaurko munduan.
Ordea, harriaz hainbertze idatzi zuen idazlea, ez ote dugun gero bera harrian zizeldu eta berdenboran ixilarazi, da galdera. Kritikoen hitzetan kanonizatu hitza agertzen delarik kasu eman behar genuke. Eta Aresti kanonizatua den idazlea, omen...
Ordea, nolaz obra zehazki eta serioski argitaratua ez zaion idazle bat kanoniza ote daiteke? Gogora dezagun Madrilgo argitaletxe handi batean agertu zen Arestiren "Harri eta Herri" eta "Maldan behera"ren edizio zarpailena 20 bat urtez gure liburutegi bikainenetan problemarik gabe, saltzaile, irakasle eta bertze adituen bendizioarekin saldu izan dela orain arte.
Gogora dezagun, arestizale guziek salatu edizio horretako testua hutsez betea, batzutan puskatua zela, "Maldan behera"ren espainolezko itzulpenak zakarrontzira botatzekoak zirela.
Gogora dezagun Arestiren "Maldan behera"z ez dela gaurko edizioetan bertsio fidagarririk. Batek Liburutegietako kolekzione artxibatuetan bakarrik aurki dezakeen 1960ko Euskera-n agertu zen bertsioa eskuetan ez badu, ez dezakeela nehon hutsik gabeko den bertze bertsiorik aurki. Gogora dezagun, Arestiren lanari buruz duela zenbait urte egin izan den argitaratze fidagarrienean ere lau bertso (estrofa) zuzen kontrako lekuetan agertzen direla testuaren zentzua zentzugabekerian erorraraziz... Gero, nola sinets Aresti irakurtzen dela?
Ez ote dugu finean, ezin hezia zen boza, ezin taparazia zen ahoa, ezin ixilarazia zen oldarra neurtu? Ez ote dugu azkenean idazlearen libertatea, idazleari preseski batzuetan barkatzen ez diogun hain preziatua den libertate hori kanonizatuz mugatu? Arestiri ez ote diogu berak beretzat hautatua zuen outsidertasuna ukatu?.