Zer dela-eta ekin zitzaion ekitaldi honi?Hau dena "Bertsolaritza irakaskuntzan" plangintzaren barruan dago.1982an eman zitzaion hasiera Gipuzkoan. Gero Bizkaian, Araban, Nafarroan... hasi zen egiten baita ere, Iparraldean geroago. Proiektu horren asmoa bertsolaritza irakaskuntzan txertatzea da. Lehen helburua ez da bertsolariak ateratzea, bertsolaritzak dituen baliabideak irakaskuntzak aprobetxatzea baizik. Baliabide asko baititu! Memoria, irudimena, hiztegia, erreflexuak, kanturako joera... lantzeko balio du, hau da, ikasleek aho hizkuntza trebatzeko, horren gabezia ere asko ikusten baita irakaskuntza munduan. Hasieran, ikastoletatik abiatu zen, baina gero D ereduko ikastetxe guztietara -batzuetan, B eredukoetara ere- zabalduz joan zen. Proiektu zabala da. Ikastolak, institutuak, eskola pribatuak, DBH, DBHO... harrapatzen ditu.
Zein izan zen txapelketa martxan jartzeko arrazoi nagusia?Motibazioarena. Ordurako -orain dela 20 urtez ari naiz- bertso-eskola bat edo bi antolatuta zeuden, batez ere Eskoriatzako Almen ikastolakoa. Gero Zumaiakoa eta Hernanikoa sortu ziren. Eta noski, horien lana plazaratu beharra zegoen, eta Eskolarteko Txapelketa jarri zen martxan. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa hau da bertso-eskolen tenperatura hartzen duen ekitaldia.
Eta zer moduzkoa da tenperatura hori?Gaur egun bertsolari-eskolen mundua oso indartsu dago. Euskal Herria osoan laurogei bat herritan egongo dira bertso-eskolak, eta herri batzuetan talde bat baino gehiago dago. Eta kontuan hartzen baduzu talde bakoitzean, batez beste, sei-zortzi neska-mutilek parte hartzen dutela...
Ikastolen Elkartea hasi zen proiektu honekin, eta azken urteetan Bertsolari Elkarteak ere bere zera egiten ari da, batez ere Nafarroan eta Iparraldean. Bertsolaritza transmisioaren ataria da ekitaldi hau eta bertso-eskoletako termometroa da.