Pimpinela anisum da bai aspaldi agindu eta gaur ekarriko dudan belarra. Mundu honetako idi-proba onenak jokatzen ditugun neguaren bihotzeko sasoi hau da udaren gorrienean loratuz alper-alperrik harrotzen den anis-belarrarena.
Museoratzeko moduko hondar etnografikotzat jo daitekeen San Blas opila dugu egun anis-belarraren erabilera gastronomikoaren adibide bakarrenetakoa. Euskaldunok jatun eta edatunak bai baina moko fin samarrak, nonbait. Garai batean lapikoetan maiz-maiz erabiltzen genituen anis-belarraren tankerako espeziak gero eta garestiagoak diren mahaietara baztertuak ditugu. Elorri beltzaren arantxoekin egiten den likore modernoa ezik ia-ia ez dugu anis-belar zaporea duen edaririk ekoizten; besteek ekoitzitakoak bai ezkutuan edan, ordea: absenta, anisa, anisetta, ouzoa, pastisa, rakia, eta abar.
Palestinarren malkoek ureztatzen duten basamortuetakoa omen da perrexila eta azenarioaren senide anis-belarra. Egun munduko lur epel ia gehienetan lantzen da. Honuntza mairuek ekarri omen zuten eta gero beneditarrek Europan zabaldu.
Hazia eskuratzeko loreak zimeltzen hasten direnean bildu, larrainean jo eta jasotzen da. Hazien esentzia da erabiltzen den lehengaia, bai botikagintzan, bai jateko, bai edateko. Ahoko usain txarra kentzen duela eta emakumea baztertzen zuen gizona bueltatzeko indarra zuela aipatzen da XI. mendean, haren hostoak murtxikatuz edo hausnartuz gero.