Osasunaren Munduko Erakundeak "tratamendu sendatzaile bakartzat" jo zituen alergiaren kontrako txertoak, duela 4 urte kaleratutako txosten batean. Baina sendabide horrek eduki duen arrakasta eskasa ikusita, bat baino gehiago pentsatzen hasia dago jadanik, laborategi farmazeutiko batzuen interes komertzialak beste bide batetik doazenez, ez ote den kontu honetan azpijoko eta trikimailu ugari erabili.
"Alergien kontrako txertoen oztopo nagusia zera izan liteke: tratamendu sendatzailea direnez, farmako edo botika konbentzionalen kontsumoa murriztu egiten dutela, eta agian etxe komertzialei hori ez zaie interesatzen". Horrelaxe mintzatu zen, argi eta garbi, Espainiako Alergologia Elkarteko Immunoterapia Batzordearen idazkari Jenaro Hernández doktorea.
Eta zer da, bada, alergenoekin egindako immunoterapia? Pertsona alergiko bati pixkanaka gehituz doazen txerto alergeniko baten kopuruak ematen joatea, alergeno sortzailearen esposizioari lotuak dauden sintomak hobetzen dituen dosia lortu arte. Tratamendua ez da merke-merkea (20.000 pezeta inguru urtean), baina bere abantailak, ordea, ugariak eta ukaezinak dira: errinitis alergikoa duten pazienteetan ez da asmarik agertzen; gaixotasuna kontrolatzeaz gain, erantzun inflamatorioa gutxitu eta medikazioaren kontsumoa ere murriztu egiten da, epe luzera batere eragin kaltegarririk ez edukitzearekin batera. Horixe da tratamendu etiologiko eta integral bakarra.