argia.eus
INPRIMATU
JOANA ALBRET MINTEGIA: "GURE ERREIBINDIKAZIOAK EZ DU KUTSU POLITIKORIK"
2001eko otsailaren 18a
Joana Albret Mintegias 1997ko urrian sortu zen. "Liburutegi eta dokumentazio zentroetan euskaraz aritzeko beharra eta eskubidea daukagulako, euskara normalizatzea nahi duen talde bat gara". Alor honetan euskarak dituen gabeziei irtenbidea bilatu nahian, hainbat tresna eta egitura behar zutela ondorioztatu zuten eta horien artean funtsezko irizten diote Liburutegi Nazionalari.

Euskararen arazoa du abiapuntu Joana Albret Mintegiak. Jaurlaritza tresna elebidunak prestatzen ari da. Zuen eskaerei erantzuten al die horrek?
Horretan ari omen dira. Baina horixe entzun dugu urteetan eta gero ez dugu emaitzarik ikusten. Iaz bilera bat izan genuen Jaurlaritzan eta haiek euren asmoak azaldu zizkiguten. Guri, profesional bezala, ez zaigu iruditzen beraiek hartutako bidea egokia denik. Egiten ari diren lanak ez dituzte profesionalekin adostu.

Orduan, zer da behar dena?
Proiektu bat, lan teoriko serio bat. Helburuak finkatu behar dira, lehenik, eta horiek aurrera eramateko tresnak ipini gero. Jaurlaritza aspalditik oso beharrezkoak diren tresnak sortzeko ari da lanean, egun dagoen sareari erantzuteko. Baina horren gainetik, gidaritza orokor bat egingo duen erakundea behar da.

125 milioi pezetako dirulaguntza onartu zuen iaz Legebiltzarrak Liburutegi Nazionalaren proiekturako. Kultura Ondare Zuzendaritza bere proiektuak aurrera eramateko erabiltzen ari da diru hori.
Hori proiektuaren azterketarako erabili beharko litzateke. Diru hori ikerketarako zen. Mundu guztian liburutegi nazionalak daude, lurralde jakin batean koordinazio lanak egiten dituzten liburutegiak. Zergatik mundu guztian beharrezkoa dena eta sistematikoki egiten dena, hemen ez da beharrezkoa?

Liburutegi nazionala eraikin handi batekin lotzen da askotan. Baina askok liburutegi birtual bat aipatzen dute. Eraikina beharrezkoa al da?
Gu hori erabakiko duen azterketaren zai gaude. Baina hor arrisku bat dago, "ez da beharrezkoa eta horregatik ez dugu egiten" esatea. Eraikinaren alde ez dugu ezer esaten, guk premia batzuk ditugu; horiek aztertu eta irtenbideak bilatu behar dira. Behar dena politika bibliotekario bat da.

Eusko Jaurlaritzaz ari gara eta beraz EAEko hiru lurraldeez. Zein da egoera Nafarroan edo Iparraldean?
Nafarroan bada liburutegi politika bat. Iruñean liburutegi zentral bat antolatzeko proiektua dago eta Nafarroako liburutegi politika guztia kudeatuko du. Arazoa euskararen tratamenduan eta Euskal Herriko beste lurraldeekiko harremanean egon daiteke. Baina proiektua hor dago eta gustatuko litzaiguke Eusko Jaurlaritzak horrelako zeozer egitea. Nazioarteko parametroetara jo behar dugu, ez dugu asmatu behar asmatua dagoena. Baina horretarako bitartekoak ez dira jarri nahi. Jaurlaritzan 7 pertsona ari dira arlo honetan lanean eta Kataluniako Liburutegi Nazionalak 170 langile inguru ditu. Asturiasen, Errioxan, Andorran... euren liburutegia eta bibliografia dute.
Bestalde, Iparraldean ez da deus egiten euskararen alde. Baina Frantziako Liburutegi Nazionaletik etortzen dira bertan argitaratu den guztia biltzera, baita ikastegi txikienean egindako aldizkari txikiena ere. Ardura politiko handia dago eta eredu ona da liburutegi nazional batek egin behar duen lana ikusteko.

Aldaketa politikoak zein eragin izan dezake gai honetan?
Agintean dagoena dagoela, guk garbi daukagu zer eskatu behar diogun, egoera politikoa alde batera utzita. Euskaltzalea izan gabe ere euskararen normalizazioa eskatu behar diogu. Alemanian, adibidez, inmigranteen hizkuntza eta kultura hartzen dira kontuan liburutegi zerbitzuak antolatzerakoan. Eta hemen gure hizkuntza propioaz ari gara. Gure errebindikazioak ez du kutsu politikorik. Berez, liburutegi nazional bat egiteak ez du zer ikusirik proiektu independentista batekin. Nafarroako proiektua, adibidez, UPNren gobernuarekin onartu zen eta EAEn 20 urtetan alderdi nazionalista bat egon da gobernuan eta ez da horrelakorik egin. Harrigarria da, benetan. Abertzale izan gabe ere, legeak eta erakunde bat eskatu behar dira, bibliotekonomiaren parametroei hurbiltzeko.