Nola bururatu zitzaizun "Amona bizikletan"?Ipuin hau idazteko txispa Jokin Mitxelenaren marrazki batek sortu zidan. Emakume oso edadetu bat bizikletan agertzen zen eta izugarrizko grazia egin zidan.
Zein urtetako haurrei dago zuzendua?
Elkarlaneanen kontsideratzen dugu "Kuku" saila 7-9 urteko haurrei zuzendua dagoela, baina hori ez da hain erraza... Kontuan izan behar da D edo B ereduan ikasten duten, euskara maila txikia daukaten leku baterako edo Asteasurako den, ... hau da, hizkuntza aldetik ulermena nolakoa den. Halere, gure herriak jasaten duen hizkuntza arazoa ahaztuta, "Amona bizikletan" haurrak ez ezik, amonak eta aitonak ere irakurtzea gustatuko litzaidake. Edo bestela, haurrak amonari edo aitonari irakurtzea.
Arazo askori aurre egin zenion ipuina idazterakoan?Beno, luze samarra atera zitzaidan eta pusketa bat kendu behar izan nion. Ipuin sinpatikoa delakoan nago. Nire lanik gehienak bezala, umorearen bidetik jotzen du. Egia esan, ipuinaren bukaeran amona hil egiten zela iradokitzen nuen. Baina nik baino gehiago dakien batek esan zidan heriotzaren kontu hori ipuinaren ordura arteko tonuarekin ez zela oso ondo josten. Kasu egin nion, eta uste dut ondorioa ona izan dela.
Eta aurrera begira, zer?Aurtengo urterako, bi liburu ditut pentsatuak: poema liburu berezi bat, 10-12 urteko neska-mutikoei zuzendua, eta Zegamako pertsonaia xelebre bati buruzko idazlana. Oso gizon alaia zen, eta beti gezurretan hitz egiten zuen. Izen asko zeuzkan: "Antonio Gezurti", "Antonio Bolas"... Baina oso gezur irudimentsuak ziren bereak!