argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
IBERDROLAREN ETORKIZUNA
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Endesa-Iberdrola bat-egiteak porrot egin du. Emandako arrazoiak bat baino gehiago izan dira: gobernuaren mugak, Iberdrolako akziodun handi (BBVA, BBK) eta txikien presioa eta abar. Euskal erakunde batzuek adierazpen baikorrak egin dituzte, diotenez, egoitza sozialak Bilbon jarraituko duelako, diru kutxa foralak milaka milioi pezeta jasotzen jarraituko duelako, enplegua mantenduko delako. Iberdrolaren etorkizuna, hala eta guztiz ere, ez dago argi oraindik. Eta egun poz eta asetasun instituzionalak direnak edozein mementotan desager daitezke. Iberdrola mokadu interesgarria da enpresa espainiar nahiz atzerritarrentzat. Edozein mementotan beste "marrazo" bat irits daiteke eta "jan". Ordezkari sindikalen batek esan du jada, arrazoi osoz, hemendik aurrera Iberdrolako enpleguaren etorkizuna kezkagarria izango dela. Iberdrola Endesara hurbiltzeko operazioa gestionatu dutenek euren postuetan jarraitzen badute, antzeko operazioren bat gerta daiteke. Hori dela eta, akziodun txikiek , % 6a dutenek, Endesarekin bat egiteko apustua egin zutenen dimisioa eskatu dute.