Abaltzisketako kaleetan lasaitasuna nagusi da, baina udaletxeko beheko solairuan etengabe entzuten da telefono hotsa, eta hamarnaka hatzek ordenagailuen teklatuei ia atsedenik hartzen ere ez diete uzten. Izan ere, bertan dago Lanalden zerbitzu enpresak Gipuzkoan duen zentroa. Araban, Kuartangon, eta Bizkaian, Galdamesen, beste bi plataforma ditu enpresak, eta hiruen artean eramaten dute aurrera enpresaren egitekoa. Gu Iñaki Gorostidi Abaltzisketako zentroko arduradunarekin egon gara, eta berak azaldu digu zeintzuk diren Lanaldenek eskaintzen dituen zerbitzuak. Nagusiki hiru dira enpresaren esku dauden egitekoak. Batetik, plano, dokumentu eta papel mota guztien digitalizazioaz arduratzen da, bestetik telemarketing zerbitzua eskaintzeaz, eta hirugarrenik, itzulpenak egiteaz. Bere bezeroen artean enpresa partikularrak (aseguru etxeak, kontsulta edota telekomunikazio enpresak, enpresa siderurgikoak eta abar) eta instituzioak (inguruko herrietako udaletxeak, Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza, adibidez) daude.
Enpresa Abaltzisketan kokatzearen arrazoiez ere hitz egin digu Iñaki Gorostidik. "Hasteko, kontuan izan behar da teknologia berrien bitartez mugak gainditzen direla, eta Abaltzisketan Donostian izan genezakeen teknologia berbera daukagula". Gainera, ekonomikoki ere ba omen da abantailarik, kostu merkeagoa eskatzen baitu honelako enpresa bat herri txiki batean kokatzeak. Hala ere, arrazoi garrantzitsuenak ez dira horiek, hizkuntzarekin, eta konkretuki euskararekin loturikoak baizik.
EUSKALDUN ZAHARRA IZATEAREN GARRANTZIA.
Iñaki Gorostidiren arabera, Abaltzisketa bezalako herri txikietan euskarak duen potentzialtasuna oso handia da. "Enpresa munduari dagokionez, ia bizilagun guztiak euskaldun zaharrak diren lekuetan etekin handia atera dakioke gure hizkuntzari". Gorostidiren hitzetan, subkontratatu nahi zaituen enpresa edo instituzioarentzat beharrezkoa da euskararen kalitatea bermatuko dion norbait topatzea, eta Abaltzisketan, adibidez, horretarako ez da arazorik. Gai honi dagokionez, eta konkretuki telemarketingaren esparruan, Gorostidiren ustez, euskara jakin eta menperatzea baino, garrantzitsuagoa da euskara ama hizkuntza izatea. Bezeroarekiko harremana errazagoa izan dadin, telefonoa hartu eta naturaltasun osoz hitz egitea komeni da, eta euskara ama-hizkuntza izateak asko laguntzen omen du.
Gorostidik esan digunez, telefono bidezko komunikazioan formaltasun gehiegirekin hizketa egitea ez da beti ona izaten: "Gu gure zonako gipuzkeraz aritzen gara gehienetan, horrek naturaltasuna ematen baitio elkarrizketari. Bizkaira hots egin eta telefonoaren beste aldean dagoenak euskaraz erantzuten badigu, gu ahalik eta naturaltasun handienarekin erantzuten saiatuko gara, eta naturalena gure euskalkian hitz egitea da". Euskal hiztunek, gainera, hori eskertu egiten dutela dio Gorostidik.
Honen harian, Iñaki Gorostidik telemarketingaren bi adarrei buruz egin digu berba. Azaldu digunez, zenbait bezerok eskaturiko deiak egiteaz gain, beste bezero batzuek (seguru etxeek edo segurtasun enpresek esaterako) bere zentrora desbideraturiko dei batzuk erantzuteaz arduratzen da Lanalden.
NATURALTASUNA TELEFONOZ ETA BATUA ITZULPENETAN.
Telefono bidezko komunikazioan euskarak duen presentziari buruz galdetzean, deiak egitean hariaren beste aldean dagoen pertsonak nola erantzuten duen hartu behar dela kontuan erantzun digu Gorostidik: " 'Bai, esan?' edo 'Nor da?' entzuten badugu, orduan euskaraz hasiko gara gu ere. Aitzitik, '¿Diga?' edo '¿Quién es?' bada, orduan gaztelaniaz ariko gara gu ere". Deiak hartzean, bestalde, eta sarri zein hizkuntzatan mintzatu bezeroak agintzen dien arren, normalean euskaraz hitz egiten hasten direla adierazi digu Gorostidik, baina, deitu duenak gaztelaniaz erantzuten badu, Lanaldeneko langileek ere hala egiten dutela.
Telemarketingaren alorrean helburua naturaltasunez hitz egitea dela esan dugu, baina zer gertatzen da itzulpenekin? Iñaki Gorostidik azaldu digunez, normalean batura jotzen dute Lanalden enpresako itzultzaileek. Orokorrean testu formalak izan ohi dira, gai juridiko bati buruzkoak edota administrazioak idatzirikoak, eta kasu horietan, naturaltasuna ez da garrantzitsua. Hala ere, forma originala aldatu egin behar bada aldatu egiten da, eta hamar lerroko esaldi luze bat itzultzean, esaterako, bi edo hiru esaldi labur eta ulerkorragotan idazten da. "Guk ez dugu nahi hitzak itzultzerik, ideiak baizik. Ideiak transmititu nahi izaten ditugu, eta hori argi geratzen da gure itzulpenetan", dio Abaltzisketako zentroko arduradunak. Lanaldenen jardunak, beraz, euskarak enpresen munduan ere tokia baduela erakusten du, eta ahozko komunikazioan tresna eraginkorra izan daitekeela.