argia.eus
INPRIMATU
Trebiñoko Konderria. Arabako uharte ahaztua (I)
NAFARREN "GARAIPENA" ARABAN
  • Ibilbide honek Trebiñoren izena badarama ere, hasiera eta hein handi batean bidea bera Arabako hiriburuan zehar egingo dugu, nafar erresumak "Victoria" izenaz sortu zuen hirian, bilbotar eta donostiarren arteko lehiatik kanpo, modernizatu ahala bere izaera eta edertasuna gordetzen eta zabaltzen jakin izan duen Gasteizen alegia.
2021eko ekainaren 30
Ibilbidearen abiapuntua eta zerbitzugunea Gasteiz izango da, parke eta berdegunez jositako arabar hiriburua. Bertako historiaren agertarazle den alde zaharretik jira-biraka ibili eta gaur egungo erdigune neoklasikoaren inguruko parke ederrak bisitatu ostean, hiritik Madril-Logroño norabidean irtengo gara, Argantzun-La Puebla de Arganzon-era hurbilduko gaituen autobidea hartuz. Laister ezkerrean ikusiko duzuen Armentiako baseliza eta zelaien ondotik pasako gara. Kontutan izan bertaratzeko erarik gomendagarriena Gasteizko bihotzetik irtetzen den oinezko pasealeku zoragarria hartzea dela.


GASTEIZ (I)

Arabako eta 1980tik Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburu denak herrialde osoko populazioaren bi herenak biltzen ditu, baina beste hiriburu batzuk ez bezala, bere garapena eta handitzea planifikatua eta ordenatua izan da,eta ondorioz berdegunez beteriko oso hiri atsegina eta bizitza-kalitate handikoa. Bestalde, eta bitxikeria gisa, Arabako Lautadan kokatua egoteak Hego Euskal Herriko hiririk hotzena izatearen ospea ekarri dio, "Siberia-Gasteiz" ezizenak agerian jartzen duen moduan

Historia apur bat
Arabako Lautada kontrolpean izateko, 1181ean Gasteiz hiriskan Santxo VI Jakintsua Nafarroako Erregeak fundatua, Victoria izena hartu zuen. 1200ean Gaztelaren menpe geratzean, merkatal gune bihurtu zen, artisauen eta judutar komunitatearen laguntzarekin oparotasun garaiari hasiera emanez. XIII. mende honetan Erdi Aroko hiria altxatuko zen
XIV.ean beherakada etorriko da, Europako krisia eta nekazal noble eta hiriko biztanleen arteko liskarren ondorioz. Populazioa jaitsi eta nobleek gotorleku-jauregiak eraiki zituzten. XVIII. mendea arte Gasteizek ez zuen bizitako oparotasuna berreskuratuko, eta bitartean merkataritzaz arduratzen jarraitu zuen.
Frantsesek 1803-1813 artean okupatu zuten, eta I. Karlistadan ere okupatua izan zen. Azkenik, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuei jarraitu gabe, bertako industrializazioak XX. mendeko bigarren erdirarte itxoin behar izan zuen. Gaur egun, hiriburu izateak zerbitzu-gune garrantzitsu bihurtu du, tamaina txikiko industria ahaztu barik.