MENDILERROEN KONKISTA

  • Euskal Herriko haranak aspaldi industrializatu genituen. Orain, mendi tontorrak industrializatzeko ordua iritsi da nonbait. Energia eolikoa ez da energia alternatiboa. Gizarteak gero eta gehiago kontsumitzen du eta gose hori asetzeko beste energia iturri bat gehiago izango dira haize errotak.
Gure garapen industrialarekin haranetako ekosistemak suntsitu ditugu, ibai, baso eta padurak hormigoiz estali edo landaketa bihurtuz. Baina honekin ez gara ase eta mendilerroak konkistatzera goaz. Orain arte gizakiaren eragina jasan gabeko txokoak ustiagarri bilakatu dira. Mendiak dira Euskal Herrian ondoen mantentzen diren inguru naturalak. Parke eolikoen eraikuntzarekin gailurren industrializazioa hasi da. Hauek eraikitzeko interesgarriak diren leku guztiak 800 metrotatik gora daude. Errota hauen eraikuntzak, mendiaren apurketa ekarriko du, pista berrien irekitzea eta, ondorioz, orain arte mendiak babestu dituen inkomunikazioa gainditzea.
Baina ez gaitezen engaina, merezitako mendiak ditugu, energi kontsumoak gorakada itzela izan baitu azken urteotan. Kontsumoa jaun eta jabe den gizarte honetan, energia murrizketak kontsumo ohitura asko aldatzea eskatzen du. Nor dago berogailurik gabe negua igarotzeko prest? Eta nork utziko du autoa bizikletari heltzeko?
Noski, energia berriztagarriak beti dira erregai fosilak baino garbiagoak. Kutsadura atmosferikorik ez dute sortzen. Zentral nuklearrekin alderatuz ere abantailak besterik ez ditu. Hala ere, hori ez da kontua, gizarte honen energia eskaera etengabe handitzen ari da eta eskaera horri aurre egiteko, lehengo energia iturriez gain parke eolikoak ezartzen ari gara. Parke eolikoak alternatiba moduan saltzen dira. Ingurumena zaintzen duen energia iturria balitz bezala. Erregai fosilen ordeztaile izan beharrean gure erosotasunen euskarri da. Beraz, proiektu erraldoi hauek geldiaraztea ez da batere erraza, batez ere interes ekonomikoak tartean direnean. Proiektu hauen helburua ez da ingurumena babestea.
Ingurumenean sortzen dituen kalteak oso ondo neurtu gabe egon arren, ez dira hain mespretxagarriak: parke eolikoak eraikitzeko garaian sortzen den lur mugimendua, bai bertara iristeko egiten diren pistengatik, bai linea elektrikoak lur azpitik doazelako, eta baita kontrol eraikin eta haize sorgailua eraikitzeko.
Errotaren 20 metroko hiru besoek hegaztiak harrapa ditzake. Batez ere jarri eta berehala txoriak bertan etsaia dutela konturatu arte gertatzen dira istripu gehienak. Parke eolikoaren kokapena ere kontuan hartzekoa da. Izan ere, Tarifan parke eolikoa egin zutenean 50 hegazti akabatu ziren 2 urtetan. Parkea zabortegi eta sai kolonia baten habi gunearen artean zegoen, zabortegia itxi zenean arazoa konpondu zen.
Behin eta berriz aipatzen den inpaktua paisaian sortarazten duena da. Haize sorgailuaren neurriak ikaragarriak dira, 60 metro luzeko zutabea, 20 metroko hiru beso eta 10x10 metroko oina. Urrutiratzen saiatu arren ez ditugu nolanahi bistatik galduko lerrokaturiko erraldoi zuriak.
Zarata bi motatakoa izaten da, mekanikoa eta aerodinamikoa. Mekanikoa, ardatzak eta motorrak sortzen dutena, asko murriztea lortu da. Aerodinamikoa aldiz, haizeak helizeen kontra jotzean sorturikoa, ezin da gutxitu. Zaratarekin inguruko fauna uxatu egiten dela diote. Parke eolikoek sortzen dituzten kalteak aztertzeko ez da benetako ikerketarik egin. Politikoek nahiago dute beste motatako inpaktuak aztertzea: telebista uhinetan sortutako interferentziak aztertzen ari dira gaur egun.
Nahiz eta orain arte alde txarrak soilik aipatu, izatez parke eolikoak ez dira hain kaltegarriak eta beste energia iturriak ordezkatzeko paregabea izan daiteke. Izan daiteke diogu, energia alternatiboa izateko onurak kalteak baino gehiago izan behar dituelako. Eta gainera, beste energia iturriak ordeztu behar ditu eta ez besteen osagarri izan. Dena den, eta abantailei begira, ikatzaren ordez haize errotek sortutako KW/h elektrizitateak ondorengo kutsadura aurrezten du: 0.60kg CO2, 1.33gr. SO2 eta 1.67 NOx.
Eguzkiaren izpiek lur azaleko airea berotu egiten dute. Aire honek dentsitate baxua duenez gora egiten du eta aire hotzak bere lekua betetzen du. Honekin guztiarekin airea mugitu egiten da eta hori da, hain zuzen ere, haizea. Beraz, eguzkiak lurra berotzen duen bitartean izango dugu energia hau. Hori dela eta energia eolikoa agortezina eta berriztagarria da. Bestalde, ordaindu beharreko gauza bakarra instalazioak dira, haizea doan baita, pribatizatzen ez den bitartean. Errota hauek gainera ez dute inongo hondakinik sortzen, ez dute ingurua kutsatzen eta ez dute urik eskatzen. Inguruko urei kalterik eragin gabe lortzen da elektrizitatea.
Lekutik lekura haize kopurua aldatzen da, leku batzuk besteak baino haizetsuagoak dira noski, baina, hala eta guztiz ere, unibertsala den lehengaia dugu. Haize errota bat kokatzeko haize kopuru minimoa batez beste 6.3-6.4m/s da gutxienez.


HAIZE ERROTAK EZ DIRA BIDE BAKARRA.

Guztien ahotan energia eolikoa badabil ere, badira beste zenbait energia iturri. Gaur egungo energi kontsumoaren aurrean oso esanguratsuak ez izan arren, erabiltzen dira. Ez dira parke eolikoak bezain famatuak ez baitira hain errentagarriak. Nahiz ingurumenaren osasunarentzat egokiagoak izan. Guztietan zaharrena hidraulikoa dugu, garapen bidean dagoen energia industria. Energia mota hau uraren indarrez baliatzen da. Ura desbideratu eta turbinak mugiarazten dituzte. Ingurugiroak jasandako eraginak nabarmenak izan dira orain arte. Gaur egun ubide ekologiko eta eskalen bidez murriztu egin da arrainen gain sortzen zen inpaktua.
Energia fotovoltaikoa beste energia alternatibo bat da, eguzki indarra zuzenean erabiltzen delarik. Egin diren instalazio gehienak edateko uraren klorazioan erabiltzen dira. Baina eraikin inportanteenak irrati errepikagailu eta telekontrol zonetan egiten dira. Adibidez Gerindako parke eolikoan 320 eguzki plaka erabiltzen dira 28.8 KWp-ko potentzia lortuz. Ahaztu gabe nekazal inguruko hainbat herritxo inkomunikaturen argi indar eskaerak betetzen dituela. Energia mota honekin Telefonica ere saiatu zen, kabina alternatiboak sortuz, baina hauetako kabina bat errentagarri izateko hilean 60.000 pezetatik gorako irabaziak izan behar ditu. Beraz, kostako zaigu eguzki plakez osatutako kabina topatzea.
Munduko biomasak sorturiko energia ere berriztagarria da. Energia mota hau batik bat industrian erabiltzen da, paperezko pasta egiten eta egurraren industrian. Dena dela portzentaje txiki bat etxeko berogailuetan erabiltzen da. Erregai mota hau batez ere baso eta nekazaritzako hondakin eta egur industrietatik dator. Azkenik energia geotermikoa dugu. Lurrak barnean duen berotasuna aprobetxatzean datza. Euskal Herrian energia mota honek ez du potentzial handiegirik, baina Fitero bezalako bainuetxeetan erabili ohi da. Energi mota hauek guztiak ikertzeko daude eta teknologiak badu zer hobeturik

GURELUR ELKARTEA: "ENERGIA EGOLIKOA HONDAMENDI HANDIA SORTZEN ARI DA"
Nafarroan ezarritako energia eolikoa hondamendi ekologiko handia sortzen ari da. Gainera, energia honen enpresa ekoizleek komeni zaien bezala agertzen dute hedabideetan energia eolikoaren ekoizpena. Hots, ahanzten dute aipatzea ekologiari eta paisaiari egiten zaien kalte larria. Proiektu eolikoen gauzatzeko modua salatu beharrean, proiektuetan milaka milioi pezeta erabiltzen dute. Areago, diru hau modu interesatuan banatua denez gero ekologiaren aldeko taldeen mesfidantza gutxitzea lortu du. Nafarroako Gobernua Nafarroako Ingurumen Saila Energia Hidroelektrikoa (NEH) enpresaren proiektuan nahasia dago. Gobernuak proiektuak sor dezakeen edozein arazo saihestea eta legearen haustea zuri-tzea xede ditu hartara.
Gurelur elkarteak ingurumenaren degradazio prozesua eragoztea du xede. Naturaren kontserbazioaren alde ari garenok aspaldi eskatu dugu energia berriztagarrien garapena eta energia kutsakorren desagerpena. Nafarroako Gobernuak naturaren kontserbazioan daraman praktika kontuan izanik ahalik eta informazio gehien bildu eta NEH enpresarekin zenbait bilera izan dugu. Ingurumenaren arazoak jorratzea eta adostasun batera heltzea asmoa genuen. Proiektuak sort ditzakeen kalte larriak ezagututa aldaketa batzuk egitea eskatu genion enpresari. Honek eskaerak sistematikoki errefusatu zituen, ordea.


Gurelur-en prosamenak.

Hona gure proposamenak energia eolikoaren garapenak Nafarroa Erkidegoko balore naturalak suntsi ez ditzan.
- Proiektu eoliko guztiak berehala etetea eta eraikitako zentralek sorturiko kalteak aztertzea. Era honetako azpiegiturek naturan sortzen duten kaltea ezagutzeko aukera litzateke hartara.
- Nafarroan erabiltzen ari den zentral eolikoaren eredua alboratzea. Energia eolikoaren ezarpena gure Erkidegoan sortzen ari den kalteak sor ez ditzan zentral eolikoaren eredu honen bi alderdi aldatu behar dira.

1. Aerosorgailuen kopurua.
Proposaturiko zentral gehienek aerosorgailu soberen instalazioa aurrikusten dute. Erreniega eta Leitza-Berueteko zentralak eraikita NEH enpresak bere proiektu guztiak aldatu eta aerosorgailuen kopurua izugarri emendatu da; zentral askotan kopurua bikoiztera helduz.
Zentral bakoitzean kokatu beharreko aerosorgailuen kopurua lurrazalaren orografiaren, eskualdeko balore ekologikoen, paisaiari egin kalteen eta kalte sozialen menpe egon behar da beste irizpide batzuekin batera, eta ez enpresen interes ekonomikoaren menpe.

2. Zentralen kokagunea.
Zentralak eskualde garaietan kokatzeak aurrez aipaturiko kalteak sortzen ditu. Enpresa eolikoen argudioen arabera, haizeak leku horietan baino ez du hartzen behar den indarra zentralen eraikuntza ekonomikoki errentagarria izan dadin. Proiektu eolikoak benetan ekologikoak balira, zentralak kalte ekologiko txikiagoak sortuko lituzketen lekuetan kokatuko lirateke, haizearen abiadura txikiagoa izan arren. Abiapuntu bezala premisa hau kontserbazionista izanda, haizeak abiadura gutxiago duen lekuetan koka-tzeko helburuarekin egin beharko lukete lan enpresa eolikoek. Gaur arte, aerosorgailuetan eginiko hobekuntzak potentzia handiagoa sortzera bideratu dira soilik.
- Ingurumenak jasotzen duen inpaktua ezagutzeko azterketa zorrotza egin. Enpresek egin azterketak ez dira baliogarriak ez baita behar bezalako betarik izan. Batez ere, zentral eolikoen eragina jasan duten mendi muinoetatik pasa diren hegaztien migrazioei buruzko datuak sartu baitira.
- Legeei errespetu osoa, eta batez ere ingurumenaren legeei. Proiektu eolikoei baiezkoa ematean Nafarroako Gobernua ingurumenari eragiten dioten ekintzak arautzen dituzten legeak ari da bortxatzen. Badirudi Nafarroako Gobernuarentzat eta energia mota honen defendatzaileentzat produkzioaren etekinek Nafarroako Naturaren suntsiketa konpentsatzen dutela.
- Energia eolikoaren produkzioa lurraren kapazitateari egokitzea, eta ez industria elektrikoen interesei. Gure lurraldeko 10.421 km. koadroetan kokatu nahi diren 30 zentralak gehiegi dira, paisaia orain arte inoiz gertatu ez bezala beteko baitute.

PARKE EOLIKOEN KALTEAK GUTXITZEKO PROPOSAMENAK
- Lur mugimendua ahalik eta txikiena izatea bere berreskurapena bermatuz.
- Parke eolikoa eraikitzeko garaian inguruko landaretza errespetatzea.
- Parke eolikoa ingurunera ondo egokitzeko birlandaketa eta berreskurapen neurriak hartzea.
- Ingurunean dauden bide eta errepideetaz baliatzea, berriak sortu gabe.
- Eraikitzen diren pista eta bide berrietan, parke eolikoan diharduen langileez kanpoko motorrezko ibilgailuei sarrera galaraztea.
- Hegaztien janleku eta zabortegiak parke eolikotik aldentzea.

Behin parkea eraiki ondoren, ingurumenaren jarraipen plana egingo da:
- Inguruko hegaztien jarraipen zehatza egitea, kalteak zehazteko.
- Hartutako berreskurapen neurrien kontrola eta jarraipena egitea, sortu diren arazoei aurre eginez.
- Gizarte balorazioa inkesten bidez.
- Ingurumen heziketa jarduerak bultzatzea.

Iñaki Tolaretxipi. EHUko Energia baliabideetako irakaslea
Iñaki Tolaretxipi. EHUko Energia baliabideetako irakaslea
Hasiera hasieratik esan beharrean nago nire ustez energia sortarazteko era perfektorik ez dagoela, bakoitzak bere alde on eta txarrak dituela, errentagarritasunaren mesedetan egiten dena inguruarekiko kaltegarri izan daitekeela eta, alderantziz, inguruarekiko begirunea zainduz lor daitekeen energia oso garestia dela. Horrela, airea medio gaur egun sortzen den energia irtenbide orekatutzat har dezakegu.
Badaude gai honi buruz dugun irizpidearen aldeko arrazoiak. Azken hamar urtetan teknologiaren aldetik izan diren hobekuntzak, horretarako bitarteko teknikoak nahi bezala antolatzeko aukerak, petroleoak dituen baldintzak: isurgai honen zenbatekoa mugatua da, prezioek gorantz etengabe egitea, konbustioaren emisioak tarteko, ozonoaren aurkako erasoak...
Hasieran esandakoaren arabera, dena ez da urre eremu honetan ere: inguruarekiko inpaktoa ukaezina da, hegaztiek nozi ditzaketen kalteak, paisaiaren ikuspuntutik sortzen duen eraldaketa, eraikitzerakoan gerta ohi diren lurren mugimenduak, zarata...
Aipatutako on-gaitzak kontuan hartuz, airearen indarraz baliatuz sortutako energia onargarria dela deritzogu beti ere zenbait baldintza gogoan hartzekotan: aerosorgailuen zenbatekoa mugatu egin behar da, tokiak ongi aukeratu, ingurua errespetatu eta bere eskakizunak aintzat hartu.
Etorkizunari dagokionez, ordea, gauzak ez dira beti nahi bezain eroso bideratuko. Alde batetik hor daude petroleo konpainien indar eta interesak eta, bestetik, gogoan hartzekoa izango da energi iturriei dagokienez Europa mailan sortu eta ezarriko den legea, zeinaren bidez biomasa, eguzkia eta airearen eraginez sortutako energiak hobetsiak izango baitira.
Hurrengo urteetan energiaren sorkeran izango diren aldaketek eragina izango dute gizartearen baitan eta baita honen energiarekiko orain arteko kulturan. Energia iturriak ezezik gizartearen portaera ere egokituz joango da


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude