argia.eus
INPRIMATU
Rufino Iraola
"GIZARTE OSOA KOHESIONATU BEHARRA DAGO GUREAN"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21
1986-1992ko artikulak biltzen dira liburuan. Euskadiko Ezkerraren banaketak zerikusirik izan du epea aukeratzean?
Ez dut uste. Dena den, EE gauzarik inportanteenetakoa izan da nire bizitzan, Arantzazutik pasatu izana, ezkontza edo familia izatea izan den bezalaxe. EEn asko ikasi nuen nik, batez ere perspektiba, giza baloreak, zergatik ez den dena ideologi itxi baten baitan egin behar... Euskal Herrian gizarte osoa kohesionatu beharra zegoela, abertzale zirenekin eta ez zirenekin. Eta orain ere horixe ikusten dut.

Dezepzioaren hatzaparretatik ez omen zara libratu...
Hala da. Dezepzioa etorri da ez genuelako jakin, bada, denok... hor apurketa bat eman zelako. Lortu, lortu ziren gauzak, baina lorpen horretan, baita ere, bidean jende asko gelditu zen.

Yoyesen heriotzak asko markatu omen zaitu.
Ni 1986an hasi nintzen "El Diario Vasco"n idazten. Eta zorte txarra izan nuen, urte hartantxe, Yoyes hil baitzuten. Ordizian nintzen egun hartan, eta horrekin topatu nintzen! Neuk deitu nuen egunkarira horren berri emateko. Eta Yoyesenak eragin zidan politika kontuaz asko idaztera. Borroka armatua, indarkeria, ez aipatzea gogorra egiten zitzaidan, batez ere nire barne kontzientzirako. Baina liburuan agertzen diren denak ez dira politika kontuak.

Ez, bada! Bestelako gai asko dituzu.
Bizia agertzen da, nik uste. Nire kezka nagusienetakoak: filosofia, erlijioa, eskatologia, gizona norantz doan... Horiek dira galderak, eta horiei erantzuten saiatzen naiz. Txikitan seminariotik pasatuak gara, gero erlijioa bazterrera utzi genuen... Baina erlijioak bere baitan dituen galderak ezin dituzu bazterrera utzi.