argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
BULARREKO MINBIZIA
  • Euren familietan bularreko minbizien kasuak izan dituzten emakumeei azterketa genetiko bereziak egiten zaizkie gaur egun zenbait lekutan, Tolosako Asunción Klinikan esaterako.
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Bularreko minbizia arazo latza da ikuspegi guztietatik begiratzen dugula ere. Gaur egungo kalkulu epidemiologikoen arabera, uste da bederatzi emakumetatik batek izango duela bularreko minbizia bere bizitzan. Eta emakumeen adinik arriskutsuena menopausiaren ingurukoa da, hortik hasi eta 70 urte bitartean gehitzen joango delarik.
Dena den, gaur egun bularreko minbizia % 15ean heredatu egiten dela pentsatzen dute adituek, eta horregatik beren familietan bularreko minbizien kasuak izan dituzten emakumeei azterketa genetiko bereziak egiteko aukera eskaintzen zaie. BRCA I eta BRCA II izeneko suszeptibilitate-geneetan mutazioak edo aldaketak nabaritzen dira, bularreko minbizia herentziaz jasotzen duten kasuen % 45etik % 84 bitartean. Eta azterketa hori nahiko sinplea da: emakumearen baimenarekin, noski, odol-lagin bat ateratzen zaio, eta lagin hori laborategira bidaltzen da, azterketa genetikoa egiteko. Azterketaren emaitzak handik sei hilabete ingurura jakinarazten zaizkio emakumeari eta orduan medikuak kasuaren pronostikoa eta aukera terapeutikoak eskainiko dizkio.
Aurreko guztia ez da zientzia fikzioa. Tolosako Asunción Klinikan Francisco Martínez doktorearen zuzendaritzapean bularreko minbizi hereditarioaren diagnostiko genetikoari buruzko beste hainbat ikerketarekin batera egiten da aspalditxotik .