argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
TARTEKA BERRITZEKOA
  • "Naturaren babesa" helburu duten elkarteen lana txalotzekoa da. Pulamentuz lana egin den tokietan, adibidez, naturaren aldeko lobby izugarri eraginkorrak eratu dituzte.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Aspaldiko urtetan tarteka marteka, han eta hemen, gutxiena uste dudanean nere mugarrien barruan entzun izan dudan ideia berritzera natorkizu. Herrialde garatuenetan "naturaren babesa" helburutzat hartuta gauzatzen den auzolan berezi batetaz ari natzaizu. Lorategi berezi bat, hegazti bitxi bat, espezie jakin baten santuarioa, galzorian dauden biotopoak eta abar mantendu eta beraien etorkizuna tajuz bermatzeko makina bat elkarte badago munduan. Orokorrean gu baino iparralderagoko munduko kaletarrek sortuak. Elkarte hauek beraien lanak lotuz talde handiak eratu dituzte eta pulamentuz lana egin den tokietan naturaren aldeko lobby izugarri eraginkorrak dira. Nola edo hala naturaren aldeko grina erakutsi izan duten milaka eta milaka lagunei heziketa eta informazioa jasotzeko, argitarapenak eskuratzeko, baso baten erosketan edo sarraskien salaketetan parte hartzeko, landare mintegiak antolatzeko, bolondres jarduteko eta abar luze baterako aukera luzatzen dute.
Ez zure eta nire herria garatua ikusten dudalako, baina bai garapen moderno batera hurbiltzen garen neurrian honek itsatsirik ohi dituen jotzeko joera moralistak eta landareentzako ere larregi kontserbadoreak diren kontserbazionisten ikuspegiak, porruaren gara antzera, garatu aurretik lurra garenak defenda gaitezen. Eta behingoz, San Mamesgo belaze ziztrina baino zerbait interesgarriagoak elkar gaitzan. Bada, animo! Baso bat erosiko al dugu?... hasten hasteko