Kontzertu Ekonomikoaren berriztapenaren inguruan eztabaida pizten ari da euskal gizartean. Horregatik beharrezkoa da ondo argitzea zein den gaur egun Kontzertu eta Komenio Ekonomikoek islatzen duten errealitatea. Azterketa serio bat egiten badugu, berehala konturatuko gara Euskal Herriaren ukapen politiko eta ekonomikoaren beste adierazle bat direla.
Kontzertu eta Komenio Ekonomikoek, Estatu espainolarekiko dependentzia ekonomikoa agerian uzten dute. Jatorria, inposizio baten ondorioa da. Karlistadak galdu ondoren, Foruak kendu eta gero soberania fiskala ere joan egiten zaigu. Eta harrezkero Kontzertu eta Komenio Ekonomikoa Estatu espainoleko egitura fiskalaren menpe daude, Espainiar "Ley General Tributaria" delakoaren agindupean. Zergen presioa ere Estatu osokoaren antzekoa izatea behartuta gaude. Gainera, historian zehar, eguneroko praktikan, lau foru administrazioak Estatuko arauak berridaztera dedikatu dira. Eta Estatuko arautegitik zertxobait aldendu direnean berehala etorri dira inguruko autonomiak, Estatua edo Europar Batasuna errekurtsoa sartzera, azken egun hauetan berriz ere gertatu den bezala. Hau gutxi bazen, Madrili kupo bat ordaindu behar diogu gure burujabetza ukatzeko Estatuak erabiltzen dituen tresnak ordaintzeko. Besteak beste, armada, errege-etxea eta polizia. Gure kalkuluen arabera, urtero Hego Euskal Herritik 500.000 milioi pezeta baino gehiago joaten zaizkigu Espainia aldera.
Datu hauek mahai gainean jarri ondoren, non dago PNV eta EA-k demagogikoki hainbeste aldarrikatzen duten Kontzertua eta Komenio Ekonomikoen autogobernuaren birtualitatea? Serioak izan gaitezen, Euskal Herriko menpekotasunaren eta partizioaren adierazle argiak besterik ez dira. Horregatik, euskal gizarteak jakin behar du Kontzertua eta Komenioa defendatzea gaur egungo marko konstituzionala eta autonomista defendatzea dela, gaur egun agortuta dauden tresna hauen arautegien azpian baitaude. Horregatik, ez da garaia zenbait zerga biltzeko eta beste batzuetan aldaketa txiki batzuk proposatzeko. Garaia da subiranotasun fiskal osoa edukitzeko, Euskal Herri osorako. Kontuan eduki behar dugu ere Ipar Euskal Herriak ez duela inolako ahalmen fiskalik. Frantziar Estatuko zerga-sistema zuzen zuzenean aplikatzen da. Guk, gainera, subiranotasun fiskala eskatzen dugunean zerga sistema aurrerakoi eta berbanatzailea antolatzeko nahi dugu. Ez orain arte bezala, Kontzertuak eta Komenioak daukaten ahalmen txikia ere PNV, EA, PSOE eta PP-UPN-k erabili dute neurri atzerakoiak garatzeko kapitalen eta enpresen mesedetan. Hau dena kontuan edukirik, dei bat egiten diogu PNV eta EAri Espainiaren menpeko diren Kontzertua eta Komenioa gainditu eta subiranotasun fiskala lortzeko estrategia elkarrekin lantzeko. Ez dago beste biderik.