argia.eus
INPRIMATU
Antton Kazabon
"OHIZKO TXAPELKETAKO KRONIKA BAT EZ DELA, SEGURU"
Pilar Iparragirre 2001eko otsailaren 04a
Zein da "Bakoitzari berea"ren atzean dagoen asmoa?
Gipuzkoako ehun eta ez dakit zenbat bertsolari, gazte eta zahar, liburu polit batean plazaratzea. Izan ere, gure komunikabideetan beti ateratzen dira betikoak, eta herri mailako bertsolari horiek ez daukate tarte handirik. Baina, gainera, irakurriko zen liburu bat egin nahi nuen, txapelketa baten ezohiko kronika bat, argazki eta guzti, eta transkribapenaren gaiari ere erantzun bat eman nahi nion. Hau da, bertsoak nola transkribatu behar dira paperean? Eztabaida handia dago horretaz. Beno, ni ausartu naiz apustu bat egitera: ia bertso denak idatzizko arauetara pasa ditut.

Hori izan al da liburuaren zailtasunik handiena?
Ez, horrek eztabaida piztu baino ez du nahi, behingoz zer edo zer erabaki dadin. Buruhauste gehiago eman zidan liburuaren formatuak. Eskuartean neukan 82ko Txapelketaren inguruan Maite Gonzalez Esnalek eta Jesus Uriartek kaleratu zuten "Bertan ikusia", beti erakarri izan nauen liburua. Ez da nirea bezalakoa, baina harexek eman zidan ideia. Eta Sendoari proiektua aurkezterakoan, nirekin saioz saio ibiliko zen argazkilari bat eskatu nuen.

Erraza izan al da argazkien eta testuaren "ezkontza"?
Beno, txapelketan zehar gogoeta asko egin nituen. Bertsogintzaren inguruan dago publikoa, epaimahaia, gaijartzaileak, gaiak, bertsoaren beraren egiturak, bertsolari tipoak, saioaren egitura, errimak... Txema Garziak milaka argazki atera zituen, erotzeko beste bai, behintzat. Nire fitxak hartu eta argazkiekin parekatuz, aukeraketa egin behar izan nuen. Baina behin "collage"a egin nuenean, gogoetak eta argazkiak elkartzearena oso lan polita izan zen. Ohizko Txapelketako kronika bat ez dela, seguru.

.