argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
MELITON
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 20a
Heldu zaio honi ere orain hogeita hamabi urte eta erdi ETAk egin okerra zuzentzeko tenorea. Abuztua zen. Lehen astea. 1968. urtea. Bere Irungo etxeko sotoan edo garbitu zuten. ETAk hartu zuen bere gain. "Estado de Excepción". Automatikoki. Gau horretan bertan hasi ziren atxiloketak. Polizia etxeak eta Martuteneko kartzela lepo. Ondoren desterruak. Frantziatik kontrabandoz ekarritako boltixer -voltigeurs zigarroak- eta kafearen -ez zen horietara mugatuko noski- "capoa" zen gure obsesioa. Bere aginduz eta bere eskuz torturatutako ezagunekin orfeoia, adiskideekin korala eta lagunekin otxotea -zuzendari, ordezko eta guzti- osatzeko lain baldin badut ere, aitortu behar dut demokraziaren kaltedunen artean bera ikusteak ez nauela harritu. Eta ororen gainetik Espainia onartzen duen gehiengoa legitimatua dago bere demokraziaren gudari ohoragarriak ezagutarazteko, ondoko belaunaldiei eredugarri gerta dakien. Guk aldiz, oraindik orain ez dugu manzanas sidrarekin lotzea lortu, guretzat oraindik orain manzanasek tortura eta giza miseria baitakarkigu gogora. Automatikoki .