AZTERKETA GARAIA

  • Irakurleek astekariari buruz zuten iritzia nahi zuen jakin Z.ARGIAk. Eta behin haien aburua ezagututa, hausnarketa egin eta agerkaria hobetzeko asmoa zuen.

2001eko otsailaren 04an
Noizik eta behin azterketa sakona egitea komenigarri izan ohi dela-eta, epaile bila genuen Z. ARGIA 412. zenbakian. Izan ere, euskara batuaren alde hartutako jarrera zela eta ez zela, korapilotsu samarra suertatu zitzaion aurreko urtea, zenbait haserretu ere egin zitzaion, eta pentsatzekoa da, 1971. urtearen hasiera hartan, bere irakurleen oniritzien bila zebilela, ea gauzak bere onera ekartzea lortzen zuen-edo.


HERIOA EZIN AHAZTU, ORDEA

Garrantzi handia emango zion gure aldizkariak inkesta horri, jakina, baina aktualitateari lotua jarraitu nahi zuenez, hiru argazki aipagarriri eskaintzen zien bere lehen orrialdea, "Il... il... il... Eri... erio... eriotza..." hitz beldurgarrien azpian agertzen zituen haiei. Ezkerrean, neska polit bat korrika ageri zen. Gaztetasuna eta osasunaren irudi ezinhobea ematen bazuen ere, zoritxarrez, Lilian Board korrikalari ospetsuaren argazkia heriotzarekin zeharo lotua zegoen, 22 urteko neskatxa panpoxa minbiziz jota hil berri zelako. Gazte, oso gazte ziren baita ere Lilianen alboan ikus zitezkeenak: bai harro-harro eta irribarre gozo bat ezpainetan zuela ageri zen gerrilari kanputxearra... eta baita lepoa moztu ondoren eskuetatik zintzilik zeuzkan bi "etsai" vietnamdarrak ere. Hirugarrena, berriz, 46 urteko Ernest Uandié gerrilari kamerundarra genuen, bere herriaren askatasunaren alde sutsuki borrokatzeagatik heriotza jasatera zigortu berri zuten gizona.


IRAKURLEEN LAGUNTZA ESKE

Baina itzul gaitezen ZERUKO ARGIAren azterketara. "Joan dan urtean zer izan zen Z. ARGIA?" galderari erantzun behar zioten irakurleek, horretarako zazpigarren orrialdean agertzen zen datuz betetako koadroaren laguntza izango zutelarik. Dena den, badaezpada ere, edo defentsarik onena norberak eraso egitea dela kontuan izanik, erantzun posibleetatik bat argitaratzera ausartzen zen gure aldizkaria, gogorrena, apika: "Batek baiño gehiagok laster esango du: 'H' arazoaren ankapean egon dan edo eztabaida guzien kutxa besterik ez dan astekari bat da Z. ARGIA".
Posible ote, hori? Hala zirudien, zeren, aldizkarikoek behintzat ez baitzuten ukatzen. "Ditekeana da ala izatea" zioten bigun, segidan zehaztapentxo hau gehituz ordea: "Guk oraingoz ez degu ez ezetzik ez baietzik esango".
Askatasun osoa irakurle iritziemaileentzat, beraz... mementoz! Izan ere, honako ohar adierazkorrarekin bukatzen zen paragrafoa: "Azterketa bat egin ondoren gure iritzia emango degu".


ALDIZKARIA HOBETZEA HELBURU

Hala ere, Miren Jone Azurzaren zuzendaritzapean lan egiten ari zirenei borondate ona ukatuko zienik gutxi behar zuen munduan, zeuzkaten asmoen hasiera irakurri eta gero, behintzat: "Z. ARGIAz itzegiterakoan, datu orietaz ederki baliatu gindezke. Ortarakoxe dira, beste elbururik ez dute. Reflexiorako bide izan". Utikan mesfidantzak, bada. Gero, baina, gauza berotzen zihoan... "Ori dana zertarako? Egia argi eta garbi ikusteko. Guk elburu bat daukagu: gure asteroko au obetzea. Obetzea, herriaren serbitzurako danez, bere eginkizuna ondo bete dezan. Orretarako plan bat eratu behar da. Baiña giroari begiratzeko lehenik ikusi egin behar, bere egungo egoera nolakoa dan. Intuizioa beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa, ordea. Gure ustez intuizio utsezko garaiak joan ziran pikotara. Zori txarrez mailla orretatik oraindik ez gera atera. Baiña ahalik eta gehien egingo degu ori gehiago gerta ez dedin".
Goiko zina egin ondoren, aldakuntzen berri emateari ekiten zioten... eta etsaiak ziurtatzeari, era berean. "Batez ere gaiari eldu behar diogu. Iritzi sakonez ondo ornitua egon behar du Z. ARGIAk. Ori lortzen badu, gaiñontzekoak berez etorriko dira. Gai aldetik, mami aldetik ondo jantzi! Onek aldakuntza bat baiño gehiago ekarraraziko du. Eztabaidak sortu ere, sortuko ditu. Mindutako jendea ere izango da. Izan ere, geure patxaran jarraitzea ain erreza da!". Ausartak, ez da hala? Euren bidean uste osoa jarria zeukaten, nonbait, horrela jarraitzen zutelako: "Ez degu lotan egon nahi. Gizartea aurrera dijoa eta guk ere berekin batera joan behar degu, ahal degunean aurrea artuaz, gaiñera. Zenbaitentzako, Z. ARGIAk gauza 'xinple' bat izan behar du. Erria, izan ere, oso behean aurkitzen da! Ume txikiari bezela aia eman behar! Etzeok toki txarrean! Ez degu demagojirik egin nahi , baiño ez gera iritzi ortakoak. Eta dagokigunez, astekari oneri 'folklorista' izaten ez diogu utziko. Ori nahi dutenak, jakin bezate aurka gogor egingo diegula. Sakontasun eta reflexio eza, nahiko garbi dagoen gauza da gure artean, gu emen txorakeritan galduta ibiltzeko. Gure erriaren etorkizunarekin ari gera jokatzen. Erria egunero egiten ari da. Ori egi bihurtzen Z. ARGIAk badu bere eginkizuna. Eginkizun ori betetzen ahalegiñak egingo ditugu"

"IT IS TOTAL" (MARCUSE)
Ibon Sudupe, 1971-I-24
Urik ez eta gainera txikitxea bai zen, hippiek St. Patrick-eko ugartea erostea etsi zuten. Halere, Eire-ko ukatuaz, biziera berri bat, pentsaera Erresumarekin harremanetan jarrai ondoren, beste bat erosi eta han komunitate bat eraikiaz, "gure gizartetik" kanpo bizi izan dira. Gure jaun andre agurgarriek zernahi pentsa bezate, hippiak ez dira ez ero eta ez munstro, eta gainera egia eta arrazoi guzia dute. Eta hauxe da kakoa: GURE ZIBILIZAZIOAK EZ GAITU BETETZEN. Ez ahal zerate konbentzitu gure sozietate osoa dagoela helburuetatik bazterturik eta guztiz alienaturik? Ez ahal zaudete konbentziturik gure zibilizazio guzia huskerietan ari dela? Noiz konbentzituko gera ekonomikeria eta teknikeria guzien munstrokerietaz? Telebistan, automobilean, horiek guziengan bide datza zoriona! Hutsa, hutsa eta hutsa dira kontsumoko gizarte hunn xedeak. Pikutara! Uste dugu, hippiek frogatzen dutela, posible dela gizarte hunen balio guztiak sustraitik aldatzea. Hippiengan atzeman uste dugu egitako iraultzaren saiaera bat. Egitako iraultza hau sustraizkoa da, kalitatezkoa da, erabatekoa da. Marcuse-k dion bezela, it is total. (...)
Gure Herriarekiko, kalitatezko iraultza total hau proposatzen dugu gazteok. Ez duzuia sentitzen bizimodu tentel hau ankaz gora jaurtiki eta hippiek erosteko diren ugarte horretara ihes egiteko gogo bizirik?

NERE BORDATXOTIK
Basarri, 1971-I-24
Beste ezbear ikaragarri baten berri eman bear dizutet, irakurle maiteok. Baserri bat gutxiago Gipuzkoan. Beste ainbat eta ainbat bezela, suak jo-erazi dio beia; suak ondatu ta desegin du. Aiako Altzola baillarako "Etxeberri" baserria duzute oraingoan. (...) Etzan nolanaiko familia "Etxeberri" baserrikoa. Hamalau seme-alaba, ta oraintxe amabosgarrenaren zai. Ezertxo gabe gelditu dira, soiñean dituzten arropa zarrak izan ezik. (...) Ogeitalau urtean bi baserri erre zaizkio. "Nebera" izeneko baserrian jaio, azi ta bizi zan. Suak irentsi zuan "Nebera". Gero, "Etxeberri" baserrian jarri zan bizitzen. Esan dizutet zer gertatu zaion. Bolara beldurgarria da oraintxe. Errezilgo "Muniain", lenengo. Donostiko Ibaeta baillaran "Amezketa-Borda" baserria, urrena. Orain, Altzolako "Etxeberri". Ez daukagu besoak gurutzatuta egoterik. Altzolako famili hau ez dago orrela uzterik. Lenengo premiak osatzen alegindu gaitezen, besterik egingo ezpadugu ere. Suskrizioak ideki dira. Aiako Aiuntamentuan bat; Aiako taberna guzietan ere bai. Zarautzen, Bar "Otzarretan" eta Bar "Azken-Portun". Azpeitian, Bar Patxon eta Bar Astigarragan. Getarin, Loidineko Bodegoian. Donostin, Egia baillarako Bar Jauregin.

TXAPELDUN NEGARGARRIA
Murok, 1971-I-24
Yugoslabiako Apajita irian izan dan Munduko Osasun-Billeran ikusi danez, gure Oria ibaia da munduko txapeldun... zikinkerian, kontaminazioan. Lotsagarria!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude