argia.eus
INPRIMATU
Harkaitz Cano
"FIKZIOA ERREALITATEAN TXERTATZEN DA LIBURUAN"
Pilar Iparragirre 2001eko urtarrilaren 28a
Zein izan da "Piano gainean gosaltzen" nobela bat ez izatearen arrazoia?
Oso zaila da gauza guztiak ahaztu eta fikzio purua egitea, besterik gabe. Iruditzen zait geroz eta zentzu gehiago daukatela beste idazlan mota batzuek, fikzioa baztertu gabe beste zerbaiti, deitu dezakezu memoria edo norberaren bizipena, fikzioa txertatzen ahalegintzen direnak. Fikzioa errealitatearekin nahasteaz ari naiz. Eta hori da liburuan datorrena.

Entzun dudanez, Martxelo Otamendiren proposamen batetik sortu zitzaizun liburu hau egiteko asmoa.
Hala da. Ni Estatu Batuetara joan aurretik, 98an, Kilometroetan, Tolosan, kalean harrapatu ninduen eta esan zidan: "New York-eko kronikak egingo dituk, ezta?". Galdera baino gehiago agindua zen berea, eta beraz, astero-astero "Euskaldunon Egunkaria"rako kronikak egiteari ekin nion New York-era iritsi bezain laister. Kronika oso literarioak ziren, baina hiriak hori eta gehiago egiteko ematen zuen, laburregi gertatzen zitzaidan asteroko folio hura. Eta paper birziklatuzko aniladun koadernotxoan gauzak gorde eta idazten hasi nintzen: han ezagututako pertsonaia batzuk zer zioten, nondik ibilia nintzen... Horiek guztiak agertzen dira liburuan.

"Piano gainean gosaltzen". Zer dela-eta izenburu hori?
Ez pentsa gero luxuzko ukitua emateagatik jarri diodanik! Egia esateko, bizi ginen apartamentuan mahairik ez, eta piano gainean gosaltzen genuen. Piano zahar, handi eta ikaragarria zen gurea. Tekla batzuk ere falta zitzaizkion. Egunkaria irakurtzeko, idatzitakoa errepasatzeko-eta erabiltzen genuen. Gure gelako zentro neuralgiko garrantzitsuena bilakatu zen.