argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
ZEKOR-SANOAK
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Adinarekin erotzen ari omen zaizkigu, idiak ez bezala. Ez dakit nik traktoreak desagerrarazitako idien kasuan zer zen sano mantentzen zituena, lanerako antzutu izateak ala lan egin beharrak. Ez dakit. Badakidana, haragirako hazi behiak gizakiak ez bezala beren jan eta egonean erotzen zaizkigula eta sekulako desmasiak sortzen ari direla. Alemanian bereziki. Bi ministroren dimisioak lekuko. Gizakietan berriz, jana lortu behar izateak ateratzen gaitu gure onetik. Eta lanak erotzen. Eta egonean ere jana bermaturik duena da normalean besteak, langileak erotuarazten dituena. Behietan ez bezala gizakietan bere gaztetako beroaldi ero xamarrak adinaz kalmatu dituenik ere bada. Arraza hau ugaritzen ari zaiguna da gainera Joschka Fischer Alemaniako kanpo harremanetarako ministro eta kantzillerordea. Gaztetan kale borrokan aritua -hori terrorismoa baino kirola zen garaietan- goxista omen genuen oso. Bere laguna Pique katalan espainolistaren antzera gaztetan eri eta gero sano, hau ere komunista katalanista baikenuen. Gizakia behitik baino iditik gertuago dagoenaren seinale. Ala zezenetik? Gizakietan ere jan eta egonean haziak baitaude.