Urte berria itxaropenez hasteko gogoz azaltzen zen Z. ARGIA, eta esperantza hori adierazteko, kantu moduko bat egiten zien belaunaldi berriei, Lourdes Iriondok abestutako "Gazte gera, gazte; ta ez gaude konforme" hartaz baliatuz. "Ez da kantari baten deiadarra bakarrik izan. Itzari egintzak erantzun dio eta or ikusi dugu gaztedi berria, nolabahiteko gizarte onen berritzeari ekiten", baieztatzen zuen, hasteko. Eta horren jarraian, banan-banan aipatzen zituen euskal gazteriari ikusten zizkion merezimenduak. Ez ziren gutxi!
ASKI MEREZIMENDU
Arrazoiak soberan zituen horretarako, antza. Izan ere, lehen orrialde laudoriotsu hartan esaten zuenez, "nork esan orain amar-hamabost urte, olako gazte taldea gure herri zaharra jasotzen asi behar zuela? Nork uste zezakeen, oinbeste neska-mutillek bide zabalari utziaz estuari eldu behar ziotenik? Nork konta dezazke gure artean, erri-miñaz eta zuzentasun-miñaz, aspaldi ontan bide latzetik jo duten gazteak?".
Ez ziren haiek hitz eta pitz egindako gogoetak, ordea. Frogak ere bazituen hura guztia adierazteko: "Ezagutzen ditugu bi ta lau baiño gehiago, eroso bizi zitezkenak edo karrera aundi batekin dirua aisa irabaziaz, eta gaur kartzeletan daudenak. Egon ez, jardun. Beren buruak jakiteaz ornitzen eta lantzen ari dira, andik ateratzen diranean, lehen baiño ere sakonago errigintzako lanari berriro ekiteko". Baina preso eroritakoez gain, bazuen gehiagoren berri ere: "Ezagutzen ditugu, norbaiti biderako bi sos eskatuta, Europako unibersidadetara joan diranak, gaurkotasunezko jakitatez beren buruak jantzi nahiz, gure erriari hobeki erakusteko. Pentsa gero, olako oien bizimodua ez dala gozoa. Maiz asko mehe egin behar izaten dute eta hamaika aldiz beren burueri ukatu ere bai, beste edozeinek bere esku dauzkan milla ta milla atsegintxo ta goxotasuneri".
Euskal gazteen jatortasuna oso hedaturik zegoen garai hartan, Z. ARGIAk zioenaren arabera, behintzat: "Zertan ari ikusten ez ditugunak aipatzen, egunero gure ondoan dauzkagunak eta zer egiten duten ikusten ditugunak emen eukita?", galdetzen zuen bat-batean, "edonun, gutxien uste dan txokoan, uri aundietan nahiz erri txikietan, langille artean bezela estudiante artean, nunnahi" topa zitezkeen gazte haietaz gogoratzeko.
AITZAKIAK BESTE BATERAKO
Eta zinez barkaezina zela haiek zokoratzea, benetan gazte eredugarriak baitziren! Irakurri, irakurri, nolakoak: "Or dagoz -or ari dira-, egunaz lan egin eta iñularretan ikasten diardutenak. Or, buruausterik gabeko lanaz errezago bizi zitezkeelarik, aurrak ezitzeko lana beren gain artu dutenak, gure erriak berari dagokion irakaslerik ez daukalako. Or, lantoki-eraketak berritu nahiz, diruari uko egin diotenek eta dirutan beren buruak saldu ez dituztenek. Or, langille-burrukan sartuek, arrixku ederretan... Or dabiltz beren zarpa zarretan, amari jersei bat erosten uzten ez diotenek, lehengoa soñean erabilli diteken bitartean".
Egungo gazteak, zer iruditzen zaizkizue ordukoak? Zuen gurasoen erretratoa da! Ez hasi, bada, kirol zapatila garestienak eskatzen haiei! Ezin antzeman dituzuela Z. ARGIAren argazkian? Zuentzat kalte! Euskarari zegokionean ere, lan franko egiten zuten, bada. "Nork kontatu, askok eta askok, gaur gure izkuntza ikasten, ari eta ari, sartzen dituzten orduak? Noiz eman diote bere semeek oinbeste esker gure erriaren izkuntzari? Jakitekoa izango litzateke, zenbat ordu sartu behar izan dituzten euskera bateratzeari lanari su ta gar ekin ziotenek. Jakitekoa... Hainbeste gauza lirateke jakitekoak eta... Jainkoak bakarrik dakizkinak...".
Goresmen demasa iruditzen zaizuela guztia? Beno, behar bada arrazoirik ez zaizue falta. Z. ARGIAk ere kontuan izan zuen iritzi hori: "Intzentsu askotxo? Laudorio gehiegi?" galdetzen zion orduko sinesgogor posibleari, bere berotasuna zegoenean mantenduz, baina. "Aitzakirik ez al dute? Beude aitzakiak beste baterako. Has dezagun urte berria itxaropenaz, iñoz badata, izatekoa du-ta gure erri zaharrak, bere seme gazteeri eskerrak. Euskal-gaztetxoentzat eredu aparta!". "Poxia behingo, aipamena betiko", dio esaera zaharrak...