Gaizki hasi da urtea pobreentzat. Gainera, negu gorrian, gehien behar eta kontsumitzen dutenean. Iaz 200.000 milioi pezeta irabazi zituen Repsolek butanoaren prezioa 174 pezetan igo du. 1.309 pezeta dira butano botilako; %15,3ko igoera izan du, Espainiako Gobernuak onartzen duen igoera handiena. Beraz, Aznarren Gobernuak ezin du bestaldera begiratu. Eta berriro ere pobreenei begiratu die, hauek zanpatzeko. Pobreenak baitira energia hori kontsumitzen dutenak. Pobre horiek dira soldata edo pentsio ziztrinak edo gutxieneko soldatara iristen ez diren laguntza sozialak dituztenak. Repsoli butano botilen prezioa %15ean igotzen uzten zaion bitartean, pentsiodunei %2 igotzen zaie diru sarrera, horietako asko hilean 50.000 pezeta irabaztera heltzen ez diren alargunak izanik, eta lanbide arteko gutxieneko soldata %2 igotzen da, 72.120 pezetara iritsiz. Eta hamarnaka mila pertsonek 45.000 pezeta baino laguntza sozial baxuagoak soilik jasoz jarraitzen dute. Horiek dira orain butanoa %15 igotzen zaien familiak. Hori da betiko gobernuen politika ekonomiko kapitalistaren emaitza