argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
NEURONEN HILKORTASUNA
  • Lan gutxi egiten duten neuronak besteak baino azkarrago hiltzen direla frogatu da. Aurkikuntza hau mesedegarri gerta daiteke zenbait gaixotasunen tratamenduan aurrera egiteko.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Lleida-ko Unibertsitateko zientzialariek frogatu ahal izan dute neurona ez oso aktiboak azkarrago hiltzen direla lan gehiago egiten dutenak baino. Eta horrek bide berriak ireki ditzake gaitz neurodegeneratiboak tratatzeko botiken ikerketan (eta horien artean daude Parkinson, Alzheimer edo esklerosi amiotrofikoa bezalakoak).
Itxura denez, aktibitate edo lanik gehien egiten duten neuronak gai dira modu autonomoagoan elikatzeko (eta horrela bizirik irauteko), beharrezkoa duten kaltzioa generatzeko. Kaltzioa, zientzialariek diotenez, gai da beste neurona batzuekin elkartrukatu behar dituen proteinak ordezteko, eta horrela neuronarik aktiboenak beren kasa funtzionatzen jarrai dezakete, beste neuronekin apenas erlaziorik eduki gabe.
Joan Comella da ikertzaile-talde horren zuzendaria, eta bere ustetan "aurkikuntza horrek zientifikoki frogatzen du ez bakarrik jarduera elektrikoaren maila handiagoak ez dakarrela neuronen desgaste handiagorik; aitzitik, berorien bizi-iraupena segurtatzeko faktore ezinbestekoa edo erabakigarria baita jarduera hori". Beraz, neuronen lanak arautu eta gobernatzen du berorien bizi-iraupena. Izan ere, neuronen funtzionamendua gehitzen denean, zelula-barneko kaltzio-maila gehitu egiten da eta honek, bere aldetik, independenteago egingo ditu neurona horiek, bizirik denbora luzeagoan manten daitezen.
Orain aurkikuntza teoriko horri aplikazio praktikoa bilatu behar zaio, gaixotasun neurodegeneratiboen tratamenduan aurrera egiteko.