argia.eus
INPRIMATU
BIZITZA LUZATU NAHIA
MATUSALENEN URRATSAK JARRAITU NAHIAN
  • Matusalen, Uholdearen aurreko patriarka, Bibliaren arabera 969 urte bizi izan zen eta betidanik zahartzaro luzea sinbolizatu du. Liburu sainduak aipatzen duen garaitik belaunaldi asko ezagutu ditugu. Ametsa beti bera: heriotza garaitzea, edo bederen, bere etorrera ahalik eta gehien luzatzea.
2001eko urtarrilaren 14a
XX. mendean, esaterako, bizitza-itxaropena bikoiztu egin dela esana dugu, batetik haur-hilkortasuna zeharo murriztu delako, eta bestetik gaitz kutsakorren aurka hamaika botika eraginkor sortu direlako, azken finean, lehen pertsonak goiz hilarazten zituzten baldintzak ezabatu direlako, baina zientifikoak ez dira horrekin konforme eta gizakiaren azkeneko muga non dagoen ikertzen ari dira.
Hasteko, zahartzearen arrazoia espeziearen eboluzioan aurkitzen dugula esan behar da, hortik hasten direlako ikerketa guztiak. Gizakiak zahartu eta hilko ez balira espeziea ez litzateke belaunaldiz-belaunaldi hobetzen joango. Beste modu batera esateko, izaki bizidunetan higadura eta berreskuratze prozesuak izaten dira, eta sistema biologikoak berreskuratze prozesuok erreprodukzioari egokitzen dizkio (gure kasuan gizon-emakumeak emankor diren bitartean). Hortik aurrera zahartzea (higadura berreskuratzeari nagusitzen doakio) hasten da. Horregatik, izaki bizidun bakoitzak bere ziklo propioa du eta, erreprodukzioari ekin ondoren, lehenago edo beranduago zahartu eta hil egiten da (intsektuak, behiak, hegaztiak edota gizakiak izan).
Bizitza zientifikoki luzatzearen gaira itzuliz, batzuk hormona bidezko tratamenduen bidez frogatzen ari dira, printzipioz haurrei zuzendutako "hazteko hormona" zaharrei emanez. Hasieran honek azalaren leuntasun eta itxuran edota hezurren kaltzifikazioan onurak izan litzake, baina tratamenduak oso-oso garestiak dira eta ondorio txarrak ere ez dira baztertzeko modukoak, diabetesa ala minbizia kasu. Halere, badira zientzia-fikzioa diruditen baina errealak diren beste ikerketa-bide batzuk...


FRANKENSTEIN BERRIA.

Robert White, pertsonak nahi beste bizi daitezkeela demostratu nahi duten beste lankide batzuk ez bezala, zientzia-girotan serioago hartzen duten doktorea da eta prestigiodun aldizkaritan idatzi ohi du, baina, era berean, demostratu nahi duenak edonor aho zabalik uzten du, hots, laster giza buru bat transplantatzeko moduan izango dela.
Egia da dagoeneko denetarik transplantatzea lortu dela, giltzurrunak, gibelak, bihotzak... baina Whitek proposatzen duena haratago doa, bere konplexutasun eta funtzionamendu osoa mantenduko dituen burmuina transplantatzea alegia. Hori bai, burmuinak inguratzen duen gorputzik gabe ezin duenez bizi, hasieran buru osoaren transplanteaz hitz egingo genuke... edo gorputzarena, ikuspuntuaren arabera.
Horrelako esperimentuek animaliekin ia mende bateko historia dute, eta horrela, 1908an estatubatuar batek eta 1950ean errusiar batek txakur baten burua beste bati jartzea (eta hainbat egun bizirik irautea) lortu zuten, emaitza bietan bi burudun txakurrak izanez. Whitek berak, 1970ean, makako bati burua kendu eta beste batena jartzea lortu zuen. Ebakuntzatik esnatzean, makakoak kontziente zegoela, kirio-sistema osoa funtzionatzen ziola eta jateko zein pertsonen atzetik ibiltzeko gai zela erakutsi zuen. Zortzi egun biziraun zuen. Eta doktoreak dio gaur egungo teknika kirurgiko eta ebakuntza osteko zainketen aurrerapenekin gauza bera gizakiekin egiteko moduan dagoela. Hau da, burmuin osasuntsua izanez gero, pertsona batek (puntu honetara helduta, zer da pertsona bat?) belaunaldiz belaunaldi nahi beste igarotzeko aukera izan lezake, gorputz batetik beste batera igaroz. Besterik gabe. Matusalen bera harrapatu arte.
Hori bai, nori interesatuko litzaioke horrelakorik egitea? Batetik, ebakuntza arrakastatsua izatearen aukera oso-oso txikia da, bestetik ez da uste kirio-lotura guztiak konpontzeko moduko teknologiarik aurkituko denik eta transplantatuak bere "bizitza" erabat paralizaturik igaro beharko luke, eta, azkenik, heriotzarik gabeko bizitza batek bere zentzu osoa, bere balio osoa, galduko luke. Dena den, zalantzak zalantza, ikerketak bere horretan jarraitzen du, zientzia fikzioa errealitate bihurtzeko prest.


KRIONIZAZIOA, BAIKORRENTZAKO BESTE AUKERA BAT

.
Walt Disneyk, marrazki bizidunen jenio polemikoak, duela urte dezente utzi gintuen; edo ez? Bere gorputza hilda bai, baina ez dago usteltzen beste guztiei gertatzen zaien bezala. Horren ordez, -196°tara izoztua dago, "bizigabeko etenaldia" delakoan, etorkizunean medikuntzak hildako gorputz bat berpizteko gai izango delako itxaropenean. Ez, ez da txantxa eta ez da bakarra; ongi etorri krionizaziora. Gai honen inguruan, batez ere EEBBetan, negozio polita mugitzen da eta jadanik jende askotxok erabili izan du, hilezkor bihurtu nahian-edo; atera beraz kontuak.
"Cryonics Institute" delakoak bere burua Interneten ere aurkezten du, eta baita bere zerbitzuak eskaini ere, gutxienez 28.000 dolarren truke (5 milioi pezeta inguru, 200.000 bat libera), geure gorputza betirako izozteko prest. Noizbait geure nahia lortuko den ala ez jakitea oso zaila da, baina -gauzak gaizki- kexatzerik izango ez dugunez, enpresarentzat negozio borobila.