Esperantzari leiho bat ireki eta indarberriturik ageri zen Z. ARGIA 1971. urtearen hasieran, nahiz editorialean, bere buruari edo bazterrak astintzen zituen haizeari, nork daki, zetorren urtea hain berria izango ote zen galdetu. Gauza da, aldizkari bezala asmo propioak zituela. Harpide multzoa gehitu nahi zuen, nola edo hala, eta horretarako metodo bat asmatua zuen eta guzti: "Eskeiñi, urtebeterako, Z. ARGIA-ren arpidetza, zure lagun, edo auzoko, edo gaixoei" proposatzen zien bere irakurleei, eta bide hori poz-pozik ontzat ematera animatzeko-edo, honako iradokizun hau egiten zien: "Artzailleari jakineraziko diogu, nai baduzu, zuk eskeiñitako oparia dala".
Baina itxaropentsu egoteko beste arrazoi bat ere bazuen. Nola ez, berri on batekin urteari hasiera emateko aukera izanda! "Eugen Beihl jauna, aske" zioen letra larriz lehen orrialdeak.
ALEMANIAKO KONTSULAREN BAHIKETA
Eugen Beihl Alemaniak Donostian zeukan kontsula zen. Burgoseko auzi militarrarena mundu guztira zabaldu zedin, ETAk bahitu egin zuen gizon hau, 1970eko abenduaren 1ean. Hogeita bost egun geroago, baina, erakunde armatuak aske utzi zuen kontsula, eta Z. ARGIAk zioenez "Euskalerri guzian arnasa artu genuen, ezpaizan txantxetakoa izan arazoa. Ogeita-bost egun aietan mundu guziak bazekien zer dan Euskalerria, zer eratan jokatzen duan, zer eskatzen duan eta nolako erantzuna artzen ari dan aspaldi ontan". Hori guztia pozgarria izanda ere, bazuen berriak beste arlo bat, zeharo estimagarria geure astekariarentzat. "Beste gauza bat ere adierazi zan Beihl jaunaren askatasunarekin", azpimarratzen zuen leunki: "Euskaldun abertzaleak ez dirala iltzaille batzuk, badutela errespetorik, merezi duanentzat". Horretaz gain, "Beihl jaunari eman zaion portuari buruz, ara zer esan zuan, ofizialki, Bonn-eko ministerioak: 'Poza ematen digu, bahitu zutenen aldetik ere, Beihl jaunak portu ona artu zuala jakiteak eta bihotzbera azaldu dutela politiko-griña baino nagusiago. Ministerio au pozik dago diplomatikoak berak hainbesteraiñoko kemenarekin etorri zaizkion nahigabeak artu ditualako'".
AITA LARZABALI EGINDAKO ITAUNKETA
Z. ARGIA bezala, jende asko alaituko zen Beihl jaunaren askatasuna hain era onean gertatu zelako. Baziren, ordea, kontuak eskatzeko gogoarekin gelditutakoak ere, "Herria" aldizkariakoak, adibidez. Eta kontu horiek ez zizkioten ETAri eskatzen, bitartekaritza lanetan ibilia zen Anai-Arteako buru bati baino, Piarres Larzabal apaizari, hain zuzen ere. "Larzabal jaun apezari zonbait galde" izenburupean gure aldizkariak jasotzen zuen elkarrizketa lekuko.
Jaurtikitako galderen artean (elkarrizketa luzea zen eta ezin, bada, hemen oso-osorik azaldu), hona hemen bat, katuak atzaparretan sagua jolasean darabilen bezala egindakoa: "Badira girixtino batzu uste baitute apezak bere lekuan egon behar duela. Ez duzuia uste ekarria izan zaitezkeela politika hortan barnasko sartzera?". Galderatxoa ez zen erraza, baina Piarres Larzabalek, apaiza izanik ere, hamaika gorabeheretan kemendutako gizon sendoa izaki, honela erantzun zien: "Hori eskatzen dauteneri errepostu hau emaiten diotet: 'Nun zinezten hola mintzatzeko ni politikak igorri nauelarik frantses politikaren zerbitzuko zazpi urte osoz, soldadogo, gerla ta bertze, nere adinik hoberenean? Politika nitaz okupatzen denaz geroz, ez ote dut nik politikaz okupatzeko zuzenbiderik?'".
Ez zen ihardespen makala, baina horregatik ez zuen "Herria"ko elkarrizketatzailea kikiltzerik lortu. "Beraz Aleman kontsula haren bahitzearen eta, berdin, hobenik gabe hiltzearen alde zira?" aurpegiratzen zion irmoki. Eta Larzabalek: "Ez dugu deusik Euskaldunek Aleman horren kontra. Bainan hori hartua izan da Euskaldunen zortea munduari ezagut-arazteko. Munduko girixtinoek bete balute beren eginbidea, hor-gaindiko gertakariak munduari ezagut-araziz, ez zen gertatuko Aleman horren bahitzerik".
Ohartuko zaretenez, ezpatak altxata zeuzkaten alde biek. Hona hemen aita Larzabali zuzendutako beste galderatxo bat, adibide gisa: "Zonbait ikusi ditugu komunixtak ere ETAko horietan. Holako behar duguia bilakatu Euskal Herrian bihar?".
Piarres Larzabalek, orduan: "Gizon baten zuzenbidea da bere joka-bidearen hautatzea. Behar dugula euskaldungoa ukatu, euskaldun bat ez delakotz gure gostuko politika alderdian? Ez da gizon bat hiltzen edo mespretxatzen, ez delakotz gure alderdikoa, bainan da, ahalaz, bere ganat tiratzen, erakutsiz eskaintzen dioguna dela biderik hoberena. Nik ikusten dutana da Euskaldun hoitarik multxo bat direla lehenengo fededun suharrak. Gutarik urrundu badira, ez ote da kausitu dutelakotz, beren iduriz, guk eskainia baino bide hobea?". Har ezak hori, to!