argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
BVE
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Banku baten laburrizenaren irudia duen arren -hala baitirudi- orain hogeita bost bat urte-edo, Gipuzkoako Beterrin eta Iparraldean bereziki ezker abertzale mugimenduaren barnean amesgaiztoko labelaren logoa izan genuen. Hainbat militanteren hiltzaileen babesizena izan zenak -gero, UCDren ondoren PSOEk GAL bilakatu zuena-, garaiko hedabideen isiltasuna izan zuen lagun, beharrezko kide. Orduan ere, BVEk eta GALek erail lagunak omentzen genituen gure ahalen arabera. Maitasun eta errespetu handiz. Atxikimendu ziragarriz beteriko omenaldi haietan, argazkilariak, txakurrak eta prentsak espektakuloaren mundura eramango ez zituen ekinbide haietan parte hartzeko ez zegoen borroka handirik. Ez orfeoirik, ez orkestrarik. Eta ez gure arteko sesiorik. Ernest Lluchen lagunek omenaldia egin nahi diote. Nork ukatu behar die bada eskubide hori? Txapelak, Peruk, Tigrek, Steinek, Galdeanok, Tomasek... haiek izan zuten berea. Bere berea. Arrakasta pertsonaletik urrun, beren bizia bere Euskal Herriaren alde eman zutenen araberakoa. Bere xumean hunkigarriak oso. Gure gogoan daudenak. Arrakasta pertsonala bilatzen ez zuten artistek eta militante lagunek eskainia. Beste garaiak ziren noski .