argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
BIZKAIA, AURRERA
  • Kaleratu berri den "Orquídeas de Bizkaia" liburuarekin osatuago dago Euskal Herriko landarediaren mosaikoa. Bizkaian, adibidez, 37 orkidea espezie daudela jakin dugu.
Jakoba Errekondo 2001eko urtarrilaren 14a
Joan berria dugun 2000. urtean isilpean igaro eta mende berriko zurrunbiloan ezkutatuko denaren beldurrez, Bizkaia maitean argitaratu zuten liburu berezi baten berri eman nahi dizut. "Orquídeas de Bizkaia", Amador Prieto Fernández biologoak sortu eta Bilbao Bizkaia Kutxak, bere Bizkaiko gaiak sailean kaleratu zuen iazko udaberrian. Ekimen benetan txalogarria da, baina txalo hauek zalapartatsuak eta uju artekoak lirateke euskaraz kaleratu izan balute. Mende berrian ere betiko erretolikan aritu beharra...
Nafarroan duela hogei bat urte argitaratu zuten bertako orkideei buruzko liburu bat, eta oraingo honekin pixkanaka osatzen ari gara Euskal Herriko landarediaren mosaikoa.
Orkideena, munduan ezagutzen den familia zabalenetakoa da. Gutxi goitti-beheitti 30.000 kide ezagutzen dira eta oraindik gehiago aurkitzeko itxaropena dezentekoa da. Milaka hauetatik 250 bat dira europarrak eta 16 generotako 37 espezie aurkituak dituzte Bizkaiko lurretan. Epipactis, Gimnadenia, Aceras, Barlia eta Spiranthes nektargileak, lore gozoagoak edo emeak imitatuz intsektuak erakartzen dituzten Serapias, Cephalanthera, Orchis, Ophrys eta Dactylorhiza, Neotinea eta Anacamptis kakalardo -eta tximeleta- erakarleak, Limodorum parasitoa, lurpean loratu daitekeen Neottia, Platanthera eta Nigritella generotako generoa, alegia.