Kontsumitzaileok geroz eta interes handiagoa azaltzen dugu produktu ekologiko edo biologikoengan. Badirudi nolabaiteko mesfidantza dagoela kontsumitu ohi ditugun produktuengan. Gainera, norberaren osasunaz gain ingurumena babestearen aldeko apustua egin nahi dugu.
Askok dio egungo nekazaritza industrializatua dela. horrek arrazoi argia du; abonu kimiko eta produktu fitosanitarioen (pestizida eta herbiziden) erabilera geroz eta handiagoa izatea; horrek guztiak, produktu horien eraketan industria oso bat garatzea ekarri du, eta horrekin batera gure ekosistemen gainbehera.
Gaur egungo nekazal tekniken erabilerak, ondorio ezberdinak ditu. Esate baterako, kostu energetikoa altua da. Bestalde, lurraren emankortasunaren galera nabaria da. Aipatu teknikek monolaborantzan arazoak eragiten dituzte: ustiaketa intentsiboa, landare barietateen galera, merkatal prezioen ezegonkortasuna... Errekurtso naturalek eta ingurumenak kutsadura jasan behar izaten dute eta nekazal produktuen kalitate naturalak beherantz egiten du.
Baina zer da zehazki nekazaritza ekologiko edo biologikoa?
Artifizialki sortutako produktu kimikorik erabiltzen ez duen nekazaritza alternatiboa litzateke, ez abonu kimikorik eta ez pestizida zein herbizidarik, eta ezinbestekoa deneko kasuetan ingurumenean inpaktu gutxiena eragiten duena erabiliko du. Baina hori guztia, pentsamendu korronte baten barnean kokatzen dugu, ingurumenarekin harmonizatu nahi duena, lurraren emankortasuna mantenduz eta inguruko animalia zein landareak errespetatu nahi dituena. Nekazari ekologikoek azpimarratzen digutenez berau konpromiso pertsonal bat da, merkatu etekinak alde batera utzita.
Produktu kimiko eraberrituak degradatzea oso zaila da eta ondorioz kutsadura ezinezkoa. Abonu kimikoak gehigarri organikoen bidez ordezkatzen dituzte, gure baserrietan beti ezagutu ditugun gorotzak, alegia landareen mantenugai diren nitrogeno, fosforo eta potasiodun abonu inorganikoa; nitrogeno, fosforo eta potasiodun abonu organikoak ordezkatzen du. Hala ere, beharrezkoa da abonu horien aplikazioa kontrolatzea, zeren nahiz jatorri naturalekoak izan, gehiegi aplikatzeak, edo denbora ezegokian aplikatzeak landare hazkuntza desorekatu bat ekar baitezake. Nekazaritza ekologikoa erabiltzearen aldeko direnek argi dute naturak berak ematen diguna berriz bueltan itzuli behar zaiola, ziklo moduko bat osotuz.
Gaur egungo nekazaritza arruntean egin ohi den bezala, belar txarrekin akabatzeko plastikoak ezartzen dituzte, akoltxatua deritzana. Gainera horrek beste hainbat abantaila ematen ditu: lurzoruan hezetasuna mantentzen du, beroa erretenitzen du, sustraiak tenperaturaren gorabeheretatik babesten ditu eta azkenik, euriteen ondorio den lurzorua konpaktatzea eta zartatzea eragozten du.
Parasito eta gaixotasunen aurka kontrol biologiko bat aplikatzen da, mikroorganismo asko existitzen baitira horiei aurre egiten laguntzen dutenak, mikrobioen hazkuntza inhibituz. Baina nekazaritza ekologikoa burutzen dutenen arabera, gehiegizko izurrite eta parasitoak desorekaren adierazle dira, gure baratzean zerbait gaizki egin dugunaren adierazle, kasu askotan abonu gehiegi botatzeagatik izaten da.
Kasu horretan ere, kultiboen errotazioa beharrezkoa da, horrela landare mota ezberdinek lurreko elementu elikagarriak proportzio orekatuetan erabiliko dituzte.
Aspaldidaniko ohitura da landare asoziazio bereziak egitea kultiboetan, nekazari ekologikoek ohitura horiek berreskuratu dituzte, hamaika onura lortzen baitira: errendimenduaren igoera, parasitoen ekintza gutxitzen da, baita belar txarrena ere, uztaldi kaskarren arriskua minimoa da... Adibide asko aipa daitezke: azenario eta porrua (horiengan eragina duen euli baten ekintza murrizten da), tomate eta tipula, marrubi eta tipula, espinaka eta porrua ... eta beste hainbat konbinazio.
Ongi dakusagunez, nekazaritza ekologikoa ez da soilik antzinako tekniken aplikazioa, nekazaritza ekologikoa guztiz aurrerakoia dela esan dezakegu: zientzia modernoak biologia mailan, edafologian... eskaintzen dizkigun ezagutzak aprobetxatzen saiatzen da, baratze bera ekosistema moduan ulertzen, baratzegintzaren praktika egoki bat eginez. Adibidez, garrantzitsua litzateke landuko dugun lurzoruaren azterketa bat egitea, egitura, edukia, azidotasun maila... ezen azidoa izatekotan karea bota beharko genuke.
Etiketa ekologikoa. Nekazal produktu ekologikoak bereizteko, Eusko Jaurlaritzak etiketa ekologikoak ezartzea ahalbidetzen du, label ekologiko modukoa baina bestelako labeletatik bereizten dena. Nekazal produktu ekologikoak Europako Batasunak indarrean jarritako legedi batean oinarritzen dira.
Nekazaritza Ekologikoaren Euskadiko federazioak honoko elkarte sektorialak barneratzen ditu: Lurreko eta Ekolur Bizkaian, Biolur Gipuzkoan eta Bionekazaritza Araban.
PATXI MONTERO: "MERKATUA GUTXIEN AXOLA ZAIGUNA DA"
Zer da zuretzat nekazaritza ekologikoa? Nekazaritza egiteko modu bat da, definizio zailekoa. Filosofia bat ere bada, eta horren barruan baserria ekosistema gisa ulertuz oreka bat mantentzen ahalegintzen da, natura errespetatuz, animalia eta landare zikloak babestuz eta lurraren emankortasuna mantenduz.
Zein da nekazaritza ekologikoaren egoera Euskal Herrian?Nekazaritza ekologikoak hazteko joera erakusten du, Euskal Autonomia Erkidegoan 76 federatu inguru ditugu eta Nafarroan 200 inguru daude. Nekazaritza ekologikoa praktikatzen dugunok ez ditugu gaur egungo teknika berritzaileak onartzen eta ondorioz nolabaiteko ezinikusiak sortu dira gainerako elkarteekin.
Merkatuari begira, nola egiten da nekazal produktu ekologikoen banaketa Euskal Herrian?Merkatua gutxien axola zaiguna da, hemen Euskal Herrian guk zuzeneko salmenta edo merkatu zirkuitu txikiak jarraitzen ditugu, hala ere Nafarroan joera hau aldakorra da, bestelako banaketa sareak erabiltzen dituzte, maioristen bitartez...
Esan ohi da produktu biologikoak garestiagoak direla, zer deritzozu honi buruz?Topiko hutsa da, hori merkatu handien kontua da, inportazioko produktuak izateaz gain, "ekologiko" hitza jarriz garestitu egiten dute produktua. Zuzeneko salmenta jarraituz gero produktu merkeagoak eros ahal daitezke, produktua non erosi jakin behar da.
Produktu ekologikoenganako interes handitze honetan eraginik ba al dute azken hilabete hauetan sortutako elikagaien inguruko polemikek?Dudarik gabe, behi zoro eta dioxinen asuntoek alarma sortu dute kontsumitzailearengan. Izan ere, elikadura motak eragin zuzena du gure osasunarengan, esaera batek dioen moduan "jaten dugunaren araberakoak izango gara"