argia.eus
INPRIMATU
Ainara Udaondo
"ARIZMENDIARRETA PENTSAMENDUAREN EKINTZAILE BAT ZEN"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Zein da, zure ustez, liburu honen ekarpenik interesgarriena?
Esanguratsuena, behintzat, laugarren kapituluan dagoela esango nuke. Bertan bildu nahi izan ditugu Arizmendiarrietaren jarrerak. Izan ere, liburu honek biltzen duen pentsamenduaren atzean eta, oro har, Arrasateko esperientzia kooperatiboaren jatorrian, pertsona bat dago.

Zer azpimarratuko zenuke Jose Maria Arizmendiarrietaren nortasunetik?
Begirada zorrotzez egin ziola so gizarteari, eta ikusitakoak sortutako sumindura etikoak eman ziola ekintzarako indarra. Begiak urrun, ametsetatik gertu, baina oinak lurrean jarrita zituen Jose Mariak. Pertsona eta komunitate autoeratu berria sortzeko ametsa zuen, baina bere ingurunea aldatzeko metodo zehatzetan oinarrituz. Utopiko errealista zela esan daiteke.

Nola gauzatu zituen asmo horiek?
Bere begiak aipatu ditut, baina eskuak ere gertu izan zituen: lanerako, eraldatzeko, eraikitzeko, sortzeko... "Ekintzetan bilakatu ezin daitekeen hitza, alferrikako hitza da", zioen. Eta ekinbiderako pausoak eman zituen, giza duintasunaren neurriko komunitate bat sortzeko. Baina hankak eta oinak ere martxan jarri zituen. Ez zegoen lasterka ibili beharrik. Bere ustez, "benetako iraultza, pertsonen kontzientzia eraldaketan oinarrituko den iraultza, ez da bat-batekoa izango". Baina benetako indarra bihotzetik zetorkion, eta ausardiaz ekin zion pertsona eta komunitate berria sortzeari. Pertsonengan neurrigabeki sinetsi zuen, gauzak ezberdin egin zitezkeela pentsatu eta egin egiten saiatu zen. Pentsamenduaren ekintzaile izan genuen, eta era berean ekintzaren pentsalaria.