argia.eus
INPRIMATU
ZERGATIK DA TXINGUDI, BALIO NATURAL ETA EKOLOGIKO HANDIKO INGURUNEA
2001eko urtarrilaren 07a
Euskal Herriko kostaldearen ezaugarririk aipagarriena adin eta konposaketa desberdineko itsaslabarrez osatuta egotea da. Itsaslabar horiek soilik ebakitzen dira ibaiek beren amaieran sortzen dituzten Txingudi bezalako itsasadarretan. Itsasoko urak, lehorrak eta ibaietako urak elkar besarkartzen duten lekuetan gure latitudeetako ekosistemarik aberatsena eta anitzena agertzen da: padura.
Mendeetan zehar itsas padurak osasunaren kalterako ingurutzat onartu izan dira. Hala ere, azken urteetan ekologiak ezagutu duen garapenak, biologia eta ekologia ikuspegietatik padurak eta oro har, itsasadarrak balio handiko inguruneak direla frogatu da.
Balio handi horren arrazoi nagusiak ondoko hauek lirateke:
- Itsasadarretan, itsasoaren ur-sarrera dela eta, ibaien ur-korrontea gelditu egiten da. Horrek ibaiko urak disoluzioan garraiatzen dituen partikulen sedimentazioa eragiten du eta horren ondorioz, limo-hondartza zabalak eratzen dira ibaien bokaletan. Ibaiaren emariei esker, limo-hondartza horiek materia organiko kontzentrazio handiak azaltzen dituzte eta hori dela eta, limo horietan, paduretako aberastasun biologikoaren oinarria osatzen duten ornogabe-komunitate joriak bizi dira.
- Bestalde, emarien mineral-aberastasunak, itsasadarretako ur-sakontasun txikiarekin batera, landareen ekoizpen fotosintetikoa handia izatea ahalbidetzen du. Horri esker, ekosistema hauetan erlazio trofiko konplexuak agertzen dira, horrek ere, aniztasun biologikoa altua izaten laguntzen duelarik.
- Hala ere, inguru horiek elikagaietan aberatsak badira ere, itsas mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren etengabeko gorabeherek baldintza gogorrak ezartzen dizkiote biziari. Muturreko baldintza horiei aurre egiteko, bertan bizi diren espezieak, eboluzioan zehar, moldaera fisiologiko eta morfologiko berezi eta harrigarrien jabe egin dira eta horregatik balio handiko espezieak direla onartzen da. Baina, moldatze-prozesu horrek, espezializazio handia ekarri du, hau da, paduretan bizi diren animalia eta landareak ezin dira beste inon bizi eta beraz, habitataren suntsipenarekiko oso sentikorrak dira.
- Txingudiren kasuan gainera, Europako hegaztien migrazioan azaltzen duen kokapen estrategikoak (Pirinioak eta Bizkaiko itsasoak sortzen duten inbutuaren erdi-erdian), urtean bi alditan bidaia luze horiek burutu behar dituzten hainbat eta hainbat hegaztirentzat atseden eta elikadura-gune garrantzitsua izatea eragiten du.
- Aipatzekoa da ere, azken urte hauetan ekosistema heze hauek ezagutu duten suntsipen sistematikoak, sarraski horretaz libratu diren Txingudi bezalakoei askoz ere balio eta garrantzi handiagoa ematen diela, biodibertsitatearen kontserbaziorako nahitaezko inguruak bilakatu direlarik.
- Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi Txingudiren osagai nagusietako bat den Bidasoa ibaia Euskal Herrian nahiko egoera onean mantendu den gutxienetakoa dela. Honi esker, gainerako ibai gehienetan aspaldian desagertu ziren hainbat arrain-espezie (izokina, kodaka, gobioa...) oraindik ikus daiteke eta bere ibaiertzeko basoetan ur-ipurtatsa, ekialdeko ur-arratoia, muturluzea, igaraba, suge berde-horia... bezalako animaliek bizitzeko baldintza egokiak aurkitzen dituzte.