Mende berriko lehen urtea hasi dugu. 2001.a. Zer ekarriko digu ikuspegi sozioekonomiko batetik begiratuta? Ez dakigu. Dena den, urte hau Euskal Herriarentzat eta bertako biztanleentzat hobea izan dadin, gure desioak adieraz ditzakegu. Ea 2001 urtea biztanleen gehiengoak onartutako subiranotasun politikoaren ondorio den subiranotasun ekonomiko baten itzulerarik gabeko hasiera den. Desio dugu Euskal Herriaren esku egotea baliabide naturalen, baliabide ekonomikoen, bere INEMaren, langileentzako trebakuntza profesionalen kontrol eta kudeaketa. Espainiako eta Frantziako estatuek baldintzatuta eta ordezkatuta egon gabe, Euskal Herriak bere interes ekonomiko-komertzial-sektorialak nazioarteko foroetan defendatu ahal izatea. Gosetik ihes egiteko euren bizia arriskatzen dutenak hartzea eta integratzea. Pobreak ez hain pobreak eta aberatsak ez hain aberatsak izatea. Emakumeek gizonen baldintza beretan lan egin ahal izatea. Gazteek lana aurkitu ahal izatea. Lan ezegonkorra desagertzea. Lanean inor ez hiltzea, lan baldintza faltagatik. Gutxienez, horietariko zenbait desio betetzea.