argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
PSORIASIA SENDATZE BIDEAN
  • Psoriasiaren zeinurik argiena azaleko lesio gorrixkak dira, sarri hazkura handia ematen dutenak. Bi zientzilarik gaixotasun hau senda dezakeen molekula bat topatu dute.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Bi zientzialari australiarrek aurkitu duten molekula berriak psoriasia behin betirako sendatuko lukeen botika edo sendagai bat garatzeko aukera emango lioke industria farmazeutikoari, azken albisteen arabera. Melbourne-ko Haur Ikerketako Murdoch Institutuan diharduten bi ikertzaile horiek, dermatosi kroniko eta oso arrunt hori sendatzeko bidean aurrerapauso garrantzitsua eman dutela dirudi.
Psoriasia larruazaleko nahasketa zelular berezia da, eta bere itxura edo zeinurik ezaugarriena azaleko lesio gorrixkak eta ezkatatsuak dira, sarritan hazkura handia ematen dutenak: larruazaleko geruzarik superfizialena edo azalekoena gehiegi hazten da, eta bere ugalketa ikaragarri bizkorra denez, azkenerako erori eta ezkatatu egiten da. Eta okerrena zera da, gaur egun erabili ohi diren tratamenduak, edo ez direla eraginkorrak, edota efektibo samarrak direnak oso toxikoak direla.
Australian aurkitutako molekula berria, DT1064 izenarekin bataiatua, oligonukleotido "antisentsorial" bat omen da: gaixotasuna sortzen zuten geneak blokeatu egiten ditu, eta horrela ADNa ezin da "hazkunde-faktorearen hartzaile" izeneko proteinetan bihurtu, eta epidermiseko zelulen hazkunderako faktore horiek ezinbestekoak dira nonbait. Melbourne-ko Ikerketa Zentroko zuzendaria den George Werther-ek esan zuenez, "botika berriak hazkunde-faktoreen hartzaileen ugalketa eragozten du % 70ean, eta beraz larruazalaren hazkundea normal gertatzen da".