PROIEKTU ENERGETIKO ERRALDOIEK BIZKAIKO KOSTALDEA HARTUKO DUTE

  • Bizkaiko Badiaren ziklo konbinatuko gas bidezko zentral elektrikoa eta birgasifikazio planta eraikitzeko lanak laster has daitezke Zierbenan. 77.000 milioi pezetako (3.080 milioi libera) kostua izango dute eta 2003. urtearen amaierako prest egon behar du. Halaber, luze gabe hartuko da Petronorrek IGCC proiektuaren barruan eraiki behar duen zentral termikoaren obrei ekiteari buruzko erabakia ere. Honek 161.000 milioi pezetako (6.440 milioi libera) kostua izango du, eta 2004. urterako amaitu beharrekoa da. Proiektu horiek herri mobilizazioak eragin dituzte jada, eta datozen aste eta hilabeteetan areagotu egingo dira.

2001eko urtarrilaren 07an
Azken orduko arazorik ezean, laster ekingo zaie Euskal Herriko energiaren esparruko bi proiektu handienei. Zierbenako lurretan kokatuko diren proiektu horiek Bizkaiko Badia sozietatearenak dira. Sozietatea BP-Amocok, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Repsol YPFek eta Iberdrolak osatzen dute, denak partaidetza maila berdinarekin. Proiektuaren arabera, birgasifikazio planta bat eta planta elektriko bat eraikiko dira, eta 77.000 milioi pezetako kostua (3.080 milioi libera) izango dute; 34.000 milioi pezeta (1.360 milioi libera) birgasifikazio plantak eta 43.000 milioi pezeta (1.720 milioi libera) planta elektrikoak.
Obrak, berez, azaroan hastekoak ziren, eta horrela egin izan balitz 2003. urte bukaerarako amaituak egongo lirateke. Bi planta hauekin maila garrantzitsuan areagotu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoaren energia hornidura, baina, ingurune horretan izango duen eragin larria kontuan izanik, Zierbena, Ezkerraldea eta Mehatzetako biztanleak hasiak dira beren ezadostasuna erakusten.


PLANTA BIRGASIFIKATZAILEA ETA PLANTA ELEKTRIKOA.

Bizkaiko Badiaren administrazio kontseiluak duela bi hilabete esleitu zion Babcock Wilcox, Abengoa eta Idom-ek osatzen duten partzuergoari, gas natural bidezko ziklo konbinatuko planta elektrikoa eraikitzeko kontratua. Eraikina Bilboko Portu berriko Zierbenako lurretan kokatzekoa da. 800 Mw-ko potentzia instalatua izatea espero dute. Eraikuntzaren kostua 43.000 milioi pezetakoa izango da, eta lanak burutzeko epea 27 hilabetekoa. Proiektu horren barruan, nabarmentzekoa da Mecanica de la Peñak azpikontrataziorako akordioa duela Babcock Wilcoxekin eta, Urdulizen kokatutako enpresa horren etorkizuna zalantzan dagoenez, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak bere egoera lehenbailehen argitzeko eskatu zuela.
Halaber, gas natural likidotuaren birgasifikazio plantaren proiektua Initec, Technigaz eta Sofregazek osatutako Aldi baterako Enpresen Batasunari esleitu zitzaion, 34.000 milioi pezetako zenbatekoarekin eta 36 hilabeteko epean eraikitzeko. Lehen fase batean, urtean 2.700 milioi metro kubiko birgasifikatzeko gaitasuna izango da, nahiz eta gerora 6.000 milioira ere hel daitekeen.
Bi planta hauen eraikuntzan 2.000 pertsona inguru arituko dira lanean, 4,7 milioi orduko lana osatuz guztira, 2003. urtearen erdialdean jardunean egon daitezen lortu nahian. Planta horiek abian jartzen direnean izango duten langile kopurua ez da handia izango, 100 langile inguru nahikoa izango baitira.
Energi proiektu hauek, arduradunek diotenez, munduan egingo diren lehenengoak izango dira, hasiera-hasieratik integratzen baitute gas natural likidotuaren birgasifikazioa eta ziklo konbinatuko elektrizitatea ekoiztea. Energi ekimen honek, bestalde, ate berri bat zabaltzen dio BP Amocok Trinidad-Tobagon dituen hobietako gas naturalaren hornidurari. Hain zuzen ere, Sestaoko La Navalen gasa garraiatzeko egingo diren bi itsasontziak gas likidotu hori garraiatzeko izango dira. Bestalde, Norvegia, Nigeria eta Venezuelatik ere etorriko da gasa.
Energi arloko proiektu hauei esker, EAEren hornidura premiak betetzeaz gainera, Espainiako Estatuko beste lekuetara gasa saltzeko ate estrategikoa ere zabalik geratuko da, bertako premiak ase ondoren. Gainera, 2003. urtetik aurrera jardunean izan behar duten bi proiektu hauen ondorioz, arduradunek diotenez, lehiakortasun maila handiagoa lortuko da gasaren prezioetan, eta hori erosleen onurarako izango da.
Azkenik, proiektu hauen inguruan hainbat esames ibili da Bizkaiko Badian sar daitezkeen bazkide berriei dagokienez. Esate baterako, BBK eta Kutxa. Baina Bizkaiko Badiaren esanetan, euskal aurrezki kutxa horien interesaren berri bazutela aitortu arren, bertako administrazio kontseiluan ez da horri buruzko eztabaidarik izan, nahiz eta baztertuta ere ez duten.


ERAGIN PIZGARRIA EUSKAL EKONOMIAN.

Eraikuntza berri hauen eragina jasan beharko duten biztanleak proiektua zalantzan jartzen ari dira, eta, aldiz, energi proiektu hauen arduradunak, Bizkaiko Badiako lehendakari eta EAEren Gobernuko Energiako sailburuorde Javier Aranburu buru dutelarik, proiektu hauek euskal ekonomian, orokorrean, eta ekipo-ondasunen euskal enpresetan, bereziki, izango duten eragin pizgarria azpimarratzen saiatu dira. Arduradun hauek diotenez, proiektu hauei esker, energia oso prezio lehiakorrean lortzeko aukera izango dute euskal enpresek.
Horrela, esleitu diren kontratuek garbi adierazten dute behar diren horniduren zati garrantzitsua EAEn eginak izan behar dutela. Planta elektrikoari dagokionez, ekipo ondasunen eta instalazioen %35 euskal enpresek hornituko dute, beste %20 hornitzeko gainerako autonomi erkidegoetako fabrikatzaileak ere izango dute aukera, eta hortik aurrerakoa Europako Batasunean azpikontratatuko da. Birgasifikazio plantari dagokionez, euskal enpresen artean azpikontratatuko den kopurua handiagoa izango da. Planta honen eraikuntza zailagoa eta delikatuagoa da, barruan biltegi trenak baititu nikel-altzairuzko tuneletan, eta karbono-altzairuzko xafla bidez osatutako kanpoaldeko pantaila batzuk dituztelako. Bien artean isolamendu sistema bat eratzen da. Trinidad eta Tobagotik etorriko den gasa, esate baterako, likidoturik etorriko da, eta hura biltzeko erabiliko den sistemak aukera izan behar du 163 gradutan zero azpitik biltegiratzeko, eta, beraz, behar duen isolamendu sistemaren zailtasuna dela medio, goren mailako euskal enpresen artean banatuko da azpikontratazioaren ia ehuneko ehuna, Javier Aranburuk bere garaian egindako adierazpenen arabera.


PETRONORREN ERABAKIA.

Petronorrek urtarrilean erabakiko du behin betikoz 161.000 milioi pezetako (6.440 milioi libera) inbertsioa eskatuko lukeen fuel olio birziklatuaren bidezko elektrizitate ekoizpenerako planta berria eraikiko duen. Horrela ziurtatu dute duela gutxi Iberdrolarekin batera IGCC proiektua eskuartean duten Petronorreko arduradunek. Baliteke beste finantza-erakunde batzuk ere sartzea proiektu honetan. Oraingoz, aurreko bi enpresa horiek izan dira 3.000 milioi pezeta (125 milioi libera) inbertitu dituztenak Muskizeko findegiaren ondoan kokatuko den proiektu honetan. Zenbateko hori Texaco multinazionalaren jabetzako teknologia lagapen bat eskuratzeko eta oinarrizko ingeniaritza lan bat eginarazteko xedatu da.
Ekimen honen helburua fuel olioa gas erregai bihurtzea da, energia elektrikoa ekoizteko lehen energia gisa erabiltzeko. 946 Mw-ko potentzia instalatua lortuko da, nahiz eta sarera 824 soilik aterako diren, gainerakoa barruko funtzionamendurako beharko delako. Proiektu horretarako beharko diren 161.000 milioiak biltzeko, Europako beste herrialdeetan lortu izan diren laguntzen moduko laguntza publikoak jasotzeko itxaropena ere badute.
Gaur egungo findegia dagoen leku berean kokatuko den proiektu honen eraikuntzan 2.500 langile arituko dira, 2004. urtera bitartean. Eraikitze lanak bukatu ondoren, 120 pertsona ingururi emango dio lana zuzenean, eta zeharka eragingo duen lanak beste 500 lanpostu inguru sor ditzake.
Inolako laguntza publikorik lortuko ez balu ere Petronor enpresak aurrera emango lukeen inbertsio honek zentzu estrategikoa du, bertako arduradunek aitortzen dutenez. Produktu finduen merkatuko aldaketetara egokitzeko eta enpresaren etorkizuna ziurtatzeko irtenbiderik onena dela diote. Gaur egun Petronorrek -petrolioa fintzearen emaitza gisa- saltzen duen produkzioaren %25 fuel olioa da. Erregai horrekiko eskakizunak behera egin du azken urteotan, eta kanpoko merkatuetan batere lehiakorrak ez diren preziotan saltzera beharturik dago Petronor.
IGCC planta berri honi esker, bertako arduradunek adierazitakoaren arabera, fuel olioaren ekoizpen tasa %5era jaisteko asmoa dago eta, hala beharko balitz, erabat hutsean ere gera daiteke. Gainera, gaur egun Repsolek kontrolatzen duen fintzeko euskal enpresa honek gordin astunagoak eta merkeagoak erabiltzeko aukera izango du. Fuel astun horren soberakinei irtenbidea ematen asmatzea izango da mundu guztiko findegien etorkizunerako erronka nagusia, lehiakortasun maila bideragarria lortzeko.
IGCCren proiektua, bideragarria dirudien heinean, hainbat sozietate erakartzen ari da, batetik, 161.000 milioi pezetako inbertsio ikaragarria aurrera ateratzeko eta, bestetik, instalazioak ustiatu ahal izateko. Hasteko, Petronorren kontrola duen Repsol YPFk urte honetan bertan jardunean jarriko den enpresa berriaren kapitalaren gehiengoa bere esku izateko asmoa du. Petronorreko arduradunen esanetan, Texaco multinazionalak sozietate berriaren %40aren partaidetza bereganatzeko interesa azaldu du. Halaber, Energiaren Euskal Erakundeak, BBK-k, Kutxak eta Europako hainbat negozio bankuk ere sozietatean esku hartzeko nahia adierazi dute.

LARRIA DATORKIGUNA
Lehen ere kutsadura-iturri eta ingurumenarekiko eraso nahikoak bagenituen, oraingoan ere, Abrarako dauden proiektuak ez dira makalak izango.
Dauden proiektuak
Proiektu nagusietako bat Planta Birgasifikatzailearena izango da. Bertan, Trinidad-Tobago eta Nigeriatik, itsasontzi eskergatan ekarriko den gas natural likidotua, gas bihurtuko litzateke. Plantari itsatsia Zentral Termiko bat joango litzateke. Bi proiektuen bultzatzaileak hauek dira: Eusko Jaurlaritza (EVE izeneko bere erakundearen bitartez), Iberdrola (orain Endesarekin elkartzeko negoziaketetan dagoena), Repsol eta munduko energia mailan garrantzitsuenetakoa den multinazional bat, BP Amoco. Proiektuak gauzatzeko bi sozietate sortu dira, Bizkaiko Badia Gasa eta Bizkaiko Badia Elektrizitatea. Superportuan kokatuko lirateke, Zierbenako esparruan, 230.000 m2-ko luze-zabalera hartuz. Lur hauen alboan kaia berria egiteko asmoa dago -Superporturako planetan aurreikusia ez zena- bereziki, metano itsasontziak porturatu eta deskargatzeko. Aipatutako Zentral Termikoak 800 Mw-ko potentzia ezarria izango luke eta bien kostua 75.000 milioi pezeta ingurukoa.
Beste proiektu bat, oraingo Santurtziko Zentral Termikoari unitate berria gehitzea litzateke, gas natural eta gasolioan oinarritua, 400 Mw-koa eta 25.000 milioiko kostukoa izango lukeena. Esandako potentzia, lehendik jadanik duenari, hau da 936 Mw-ri, gehituko litzaioke. Berau, Iberdrolak estaturako eta Euskal Herrirako egin zuen Zentral Termikotarako inbertsio plan izugarri baten parte da. Egitasmo hauez gain, beste bat ere badago, alegia, Petronor ondoan eta berari lotua, ezarri nahi duten IGCC izeneko Zentral Termikoa, Abanton finkatu nahi dena, 800 Mw-koa eta 160.000 milioi pezeta kostatuko dena.
Azkenik, Planta Birgasifikatzailetik irtengo litzatekeen gasa hodi sare orokorrarekin lotzeko egin nahi duten gasbidea, 5,5 km-koa, eta Zentraletan sortuko zen energia elektrikoari irteera emateko beste 14,5 km Tentsio Handiko Linea, 400.000 voltiokoa, eta halaber hiru azpiestazio elektriko berriak, Santurtzi, Zierbena eta Abantokoak.
Eragin larriak
Zentral Termikoen konbustioan, ikaragarri kutsakorrak diren milioika tona gas sortuko dira, hala nola CO2, nitrogeno oxidoak (NOx), ozono troposferikoa, SO2, eta CO toxikoa, zein bere ihesaldietan hain kutsakor eta lehergarria den gas naturala (nagusiki metanoz osatua).
Gas hauek eragin larria izango dute osasunean zeren pertsonen defentsa sistema ahuldu egingo baita, besteak beste, birika eta alergia gaixotasunak zabalduz.
Gas hauek gertatzen ari den klima aldaketaren sortzaile dira, eta honenbestez bere eragin suntsitzaileena, esaterako, poloen urtzea, itsasoen urmailaren igoera, lurralde handien desertifikazioa, uholde euriteak, uholdeak, tifoiak eta hondamendi naturalak, planeta osoan zehar eragin ekonomiko eta sozial oso handiak sortzen dituztelarik.
Birgasifikatzailea benetako bolborategia da, zeren ihesaldiak gertatzen badira, egongo diren 150.000 m3 guztiek, gas bihurtu eta airearekin nahastuz gero, su-puntu batekin topo egiten badute, su-bola erraldoia sortuko baitute (Santurtzin, 1967ko urtarrilaren 17an, gertatu zen butanoaren eztanda baino askoz era handiagoa).
Zertarako hainbat energia?
Plan hauek ez diete erantzuten gure benetako energia beharrei, baizik eta mugarik gabeko ekoizpenean, zarrastelkerian eta multinazional eta enpresa handien negozio neurrigabeetan oinarritutako eredu bati.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Petronor
Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du

Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.


Petronorren obra batzuk geldiarazi ditu Muskizeko Udalak

Lizentzia-eskaeran “hainbat artxibo osatu gabe zeudelako” obrak geldiarazteko dekretua sinatu du Muskizko alkate Edu Brionesek.


2023-07-10 | Jon Torner Zabala
"Petronorrek kirola zikintzen du" mezua zabaldu du Greenpeacek Zierbenako estropadan

"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".

 


Eguneraketa berriak daude