argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
ERREALA
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Eguberritako bedeta. Izarra. Senideen arteko disputa politikoen berdintzailea. Izan ere, noiztik ez genuen hain eskura bere azpian guztiok bilduko gintuen teilaperik? Carrero Blancorenaren ondoren ez dut nik gogoratzen aurtengo Errealarena baino eskaintza egokiagorik sendiak bere baitan azkartzeko. Hark hori? Nik bost gehiago! Kartarik erakutsi behar ez denez trabiesak urririk. Tematsuena, kalapitariena nagusi. Eta denak ados. Batetik, futbolak ematen du auskalotzeko aukera hori, edozeinek iritzia izan dezan edozeri buruzkoarena alegia: kirola, jokoa, etika, finantzak, publizitatea, justizia, aberria... Eta bestetik esandakoak ez gaitu ezertan behartzen, ezin baitugu nahita ere ezertan parte hartu eta are guttiago gure iritzia gauzatze bidean eman. Beraz, inork ezingo digu inoiz aurpegiratu guk esana zuzena izan ez zenik, oker genbiltzanik edota ez genuela puta ideiarik. Edozein izan liteke orain presidente orain entrenadore. Eta honetan, aurtengo Errealari eskerrak eman behar, kazetaritza zein ofizio erraza den ondorioztatzeko aukera eman baitigu.