argia.eus
INPRIMATU
NORMALIZAZIOA
DONOSTIARREN HIZKUNTZ ESKUBIDEAK BERMATZEKO PLANA
  • Donostian euskararen normalizazioa helburu duen plana jendaurrean izango da urtarrilaren 31 arte. Hiritar eta elkarteen ekarpenak Donostiako Udalak aztertu, erabaki eta behin betiko onarpena eman ondoren, abian jarriko da bost urteko plana.
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a
Donostiako euskararen datuak beste euskal hiriburuetakoak baino baikorragoak dira, dena dela, hori ez da pozteko arrazoi nahikoa, euskararen erabilera ez baitago normalizatuta. 57.000 euskal elebidun dago eta ia euskaldunak 45.000 dira, hurrenez hurren %33 eta %26. Azken erroldako datuak ditugu horiek, 1996koak. Erabilerari dagokionez, datuak etsigarriagoak dira. EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) 1997an egindako azterketaren arabera, donostiarren %14ak bakarrik erabiltzen du euskara komunikaziorako. Aldea nabaria da.
Ahalegin handiak egin izan dira hizkuntza normalizazioaren alorrean hala donostiarren eta giza mugimenduen aldetik nola erakunde eta udalaren aldetik. Ordea, bi hizkuntza ofizialak berdintasunetik urrun daude. Hori dela eta, Donostiako Udalak hizkuntza politika sendotzeko asmoz, Euskararen Ekimen Estrategikoak-Donostiako Plan Orokorra osatu du.
Planaren lehen oinarria aurreko legealdian finkatu zen. Helburu estrategikoak zehaztu ziren eta plana sektoreka banatu zen. Euskararen erabilpenaren normalizazioa eta benetako elebitasuna lortzeko, hiru helburu jasotzen ditu planak. Batetik, donostiarren euskalduntzea, belaunaldi berriena zein helduena, lortzea. Bestetik, hiriko erakunde publiko eta pribatuek euren jarduna euskaraz egitea. Eta azkenik, donostiarren hizkuntz eskubideak bermatzea. Horretarako, oinarrizko zortzi sektoretan banatu da plana: familia harremanak; hezkuntz, ikerketa eta gazteria; administrazio publikoa; komunikabideak eta kulturgintza; lan mundua; teknologia eta telematika; gizarte erakundeak, elkarte eta entitate hiritarrak, kulturazkoak, ludikoak eta kiroletakoak; euskara batuaren zabalpena eta azterketa soziolinguistikoa.


SEKTORETAKO ADITUEN PARTAIDETZA.

LKS enpresak sektore horietako 101 aditu bildu zituen, eragile sozial inplikatuen partaidetzarik handiena ahalbidetzearren. Sektoreen ahulezia eta indarguneak aztertu ondoren, plan estrategiko bat osatzen hasi ziren, betiere Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren gidaritzapean. Hurrengo pausoa sektore horietan normalizazioa bermatzeko ekintzak antolatzea izan zen, guztira 208. Legealdi aldaketan, patronatuak hausnarketa sakon bat egin du planaren inguruan eta aurki martxan jartzea aurreikusten da.
Lehentasunaren arabera, ekintza batzuk 2001ean jarriko dira martxan eta 2005 urtea bitarte izango dira martxan, beste batzuk, aldiz, 2004an jarriko dira indarrean. Izan ere, planak bost lehentasun maila zehazten ditu: erabatekoa, oso altua, altua, ertaina eta baxua. 208 ekintza hauek bost urteko epean egitea dago aurreikusia eta 1.500 milioiko (60 milioi libera) aurrekontu aurreikuspena dago; planaren eragin aldia, aldiz, hamar urtekoa da. 2006an planaren bigarren zatia abiatuko da, baina plana moteldu ez dadin, aurreikusia dago legegintzaldi aldaketan bost urteko plan honek jarraitzea.


HAMAIKA EKINTZA.

Denetariko ekintzak jasotzen dira planean, esaterako, euskara ikaslearen txartela sortzea edota haur jaioberrien gurasoei "Sehaska kantak" CDa oparitzea. Udaleko langileen euskalduntze plana ere plan orokor honen barne dago, nahiz eta langileena jada indarrean egon.
Planaren balio erantsirik nagusiena sektore ezberdinetako 101 pertsona kualifikatuk parte hartu izana da. Sektorea ezagutzen duten pertsona horien partaidetzarekin egin da diagnostikoa eta finkatu dira helburuak eta ekintzak. Behetik gora egindako plana da, adostasun soziala eta instituzionala lortu nahi dituena.
Urtarrilaren 31 arte jendaurrean izango da interesa duenak eskura dezan. Ondoren, hiritarrek zein elkarteek egiten dituzten iradokizunak aztertu eta eztabaidatuko dira, eta azkenik behin betiko onespena emango zaio. Dagoeneko, euskalgintzako hainbat talderi bidali diete dokumentua, euren ekarpenak egin ditzaten.
Planak hiritarren partaidetza du jomuga. Ez soilik plana diseinatzerakoan, baita plana gauzatzerakoan ere. Alabaina, ekintza ugariren eragileen artean, patronatuaz gain, sektore horretako elkarteak eta gainerako erakundeak egongo dira. Ekintzaren izaeraren arabera, dagokion sektoreko elkarteek maila batean edo bestean hartuko dute parte.
Nolanahi ere, plan hau ez da itxia eta aldian aldiko beharren arabera moldatuko da. Orain, ekinean hasteko unea iritsi da.